[Galeria] Irungo kaleak musikaz eta dantzaz blai
Egun osoan zehar jai giroan murgildu dira Irundarrak. Primitivo Azpiazuk konposaturiko doinuak pozik eta irribartsu dantzatu dituzte.
Euskal Jiraren egun handia da gaur. Egun osoan zehar jai giroan murgildu dira Irundarrak. Besteak beste, txalaparta, musika, dantza, haur jolasak eta bertsolariak izan dituzte goizean zehar.
Arratsaldean, Euskal folklorea, kirola, sukaldaritza, dantza eta musika biltzen dituen desfilearen txanda izan da. 18:00etan Mendelu auzotik abiatu eta Hondarribia kalea igotzeari ekin diote. Ondoren, Kolon Pasealekua, Genaro Etxeandia plaza, Foru kalea, Kale Nagusia, San Juan plaza eta San Martzial kalea igaro, eta azkenik, Urdanibia plazan amaitu dute.
Desfilearen buru izan dira zanpantzarrak, Irungo Atsegina elkarteko erraldoiekin lagunduta.
Ibilbidean zehar, Primitivo Azpiazuk konposaturiko doinuak pozik eta irribartsu dantzatu dituzte Euskal Jirako 9 taldeek Irungo kaleetan zehar, trikitixaz, panderoaz eta beste hainbat instrumentuz lagunduta. Talde bakoitzak idiek tiratutako gurdiak aurkeztu dituzte.
Kamiseta zuri-urdina soinean, jende ugari hurbildu da desfilea ikustera eta festaz gozatzera.
Hona hemen desfileko argazki batzuk: