Iker Arozenak ez du Munichen jauzi egingo
Sorpresaz eta dezepzioz hartu dute Bidasoa Atletismo Taldean Espainiako Federazioaren erabakia.
Duela bi egun argitaratu zuen Espainiako Atletismo Federazioak Munichen (Europako Txapelketan) parte hartuko duten kirolarien zerrenda. Sorpresaz eta dezepzioz hartu dute Bidasoa Atletismo Taldean federazioaren erabakia, izan ere, Arozenak hautatua izateko eskakizun guztiak betetzen bazituen ere, ez da hautatua izan.
Arozenak 23 urte azpiko Espainiako Txapeldun titulua eskuratu zuen uztailaren hasieran. Une hartantxe World Rankingean 27. postuan aurkitzen zen (26 onartzen ziren Europako Txapelketan parte hartzeko). Federaziotik Arozenarekin kontaktuan jarri ziren lehiatzen jarrai zezan animatuz rankingean aurrera egiteko. Arozenak oporrak hartu beharrean, aldez aurretik antolaturikoa utzi eta lehiatzen jarraitzea erabaki zuen. Anoetan bi lehiaketa egin zituen. Bigarrenak, World Rankingean 24. postuan kokatzeko balio izan zion (7.91 metroko jauzia egin zuen).
Luzera jauzian espezialista den gaztearen egoera berean daude estatuko beste sei kirolari, eta erabakiaren inguruan iskanbila itzela sortu da sare sozialetan.
Bidasoa Atletiko Taldearentzat, eta baita kirolariarentzat ere, dezepzio handia izan da erabakia, “naiz eta eskakizun guztiak bete dituen, Iker Arozenak Munichen egoteko nahikoa maila ez duela erabaki dute, nonbait, federazioan” azaldu du klubak.
Europako Txapelketa nazioarteko lehen lehiaketa izango litzateke Arozenarentzat eta maila horretan laguntzak eskatzeko aukera zabalduko litzaioke. Gero eta zailagoa da ikasketak eta entrenamenduak bateratzea eta laguntza horiek oso lagungarriak izango lirateke.
BATen etorkizun handiko kirolaria dela argi dute, eta aurten, Europako Txapelketan aritzeko aukera zapuztu badiote ere, datorren denboraldiari begira, indarrak eta animoak bidali nahi izan dizkiote.