Arraunzaleek bi zita garrantzitsu dituzte asteburuan
Larunbatean EuskoLabel eta EuskoTren estropadak izango dira, igandean, berriz, ETE eta KAE1 Ligakoak. Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak hondartzara zein kai muturrera gerturatzera animatu ditu zaleak.
Asteburu honetan, larunbat zein igandean bi zita garrantzitsu izango dira herrian. Guztira lau bandera egongo dira jokoan eta horien aurkezpena egin dute gaur goizean Hondarribiko Udaletxean. Bertan izan dira Joxemi Elduayen Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea, Miguel Aguado Gipuzkoako Mapfreko zuzendari komertziala eta Juan Mari Altuna, udal zinegotzia.
Hondarribiko kai muturra arraunzalez beteko da asteburu honetan, hala derrigortu du Joxemi Elduayenek Hondarribiko Arraun Elkarteko presidenteak. “Normalitate berri honetan debekatuta dago estropada etxetik ikustea” esan du barrez. Hala, herritarrei eta arraunzaleei hondartzara hurbiltzeko, eta bertatik bertara arraunlariak animatzeko deialdia egin eta jendearen babesak arraunlariei “asko lagunduko” diela argudiatu du. Gizonezkoen A ontzia zein Emakumezkoena liderrak dira beren mailetan eta egunero egiten duten esfortzua eskertzeko baliatu du aurkezpena.
Hortaz gain, eskerrak eman nahi izan dizkie urtero estropada hau posible egin duten guztiei. Bereziki Mapfreri, hamabost urte luzez Hondarribiko estropadaren babeslea izateagatik; Done Pedro kofradiari, hasiera-hasieratik Hondarribia Arraun Elkartea babestu izanagatik; Ondoan taldeari bigarren urtez emakumeen babesle izateagatik; eta nola ez, udalari ere, beti izan duen prestutasunagatik.
Ondoren Miguel Aguadok hartu du hitza. Beste urte batez, baina duela hamabost urteko ilusio berberarekin agertu da Gipuzkoako Mapfreko zuzendari komertziala, “kirol honi oso lotuta gaude eta zuekin sentitzen gara” azaldu du. Azkenik, Juan Mari Altun udal zinegotziak Hondarribia Arraun Elkarteak dituen 3 traineruei aipamena egin nahi izan die. “Hondarribiak hiru traineru ditu, hori ez da kasualitatea. Azpitik lan handia dago”.
Hitzorduak
Larunbatean EuskoLabel eta EuskoTren estropadak izango dira (17:40etik aurrera). Emakumeek II. Ondoan bandera izango dute lehian, gizonezkoek berriz, Hondarribiko XXXV. bandera – Mapfre Sari Nagusia. Igandean, ETE eta KAE1 Ligen txanda izango da (10:00etatik aurrera). ETE Ligan XIV. Txingudiko bandera egongo da jokoan eta KAE1 Ligan, berriz, Hondarribiko Arrantzaleen Kofraiako XVI. Bandera.
Arraun festa
Estropadez gain, arraun festa ospatuko dute. Hori dela-eta asteburuko egitaraua prestatu dute.
Hilak 6:
- 11.00: suziri jaurtiketa eta Abiyuan fanfarrea hiriko kaleetan barrena.
- 12:00-20:00: BM Txirrista puzgarriak egongo dira Santiago kalean (Madalen plazan).
- 12:30: Izugarria, erraldoi eta buruhaundien konpartsa (Hondarribiko kaleetan zehar).
- 13:00-15:00. Elektropatxaranga Rockalean. Gazte poteoa San Pedro kalean.
- 17:00: Kalejira herrikoia (San Pedro kaletik estropada eremuraino).
- 20.00-22.00: Abiyuan fanfarrea Portuan zehar.
- 20.00-22.00: Scoobyband orkestra (San Pedro kalean)
- 22.00-02.00: DJ Kanupi (Arrantzale auzoan).
Hilak 7:
- 12:00-20:0: BM Txirrista puzgarriak egongo dira Santiago kalean (Madalen plazan)
- 13.00-15.00: Abiyuan fanfarrea hiriko kaleetan barrena.