Atxilotu bat, autoa lapurtu, istripua izan eta poliziari ihes egiteagatik
Irungo kaleetan barrena segika ibili ondoren, lapurturiko kotxe batean zihoan 43 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak.
Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostiralean, lapurtutako ibilgailu batean ihes egin eta Irungo kaleetan “ausarkeriaz gidatzea” egotzita. Agenteen arabera, beste gidari batzuek nahiz inguruan zebiltzan oinezkoek ihes egin behar izan zuten, “gidari horrek jo edo harrapa ez zitzan”.
Gertaerak herenegun 20:20ak inguruan hasi ziren, Ertzaintzaren zenbait patruila Irungo udaletxe inguruan izandako trafiko istripu baterantz zihoazenean. Hurbiltzen ari zirenean, Elizatxo hiribidean kontrako noranzkoan zihoan Seat Alhambra bat ikusi zuten agenteek, eta horiek bazekiten, ordurako, istripuan inplikatutako kotxeetako bat ordu batzuk lehenago lapurturiko modelo horretako autoa zela.
Turismoari bidea blokeatzen saiatu ziren agenteak, baina gidariak “ez zien jaramonik egin” eta polizia ibilgailua saihestu zuen, horri “ukitu txiki bat” egin ondoren. “Abiadura handian egin zuen ihes”, aitortu du Ertzaintzak. Jazarpenari ekin zion orduan poliziak hiriko kaleetan barrena. Esandakoaren arabera, bide horretan “
ausarkeriazko maniobrak” egin zituen gidariak, “oso abiadura handian”, eta horrek beste gidari batzuk nahiz oinezkoak arriskuan jarri zituela salatu dute. Are: “Izatez, beste gidari horiek eta oinezkoek ihes-maniobrak egin behar izan zituzten harekin talkarik ez egiteko edo harrapa zitzan saihesteko”.
Letxunborro etorbidera sartu ondoren, ihesi zihoan turismoa haur parke baten inguruko espaloian sartu zen, eta bertako oinezkoek baztertu “eta alde batera salto egin behar izan zuten”, agenteen arabera, akusatuak harrapa ez zitzan. Azkenik, ihesi zihoanak beste patruila kotxe bati jo eta aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu zen. Atxilotuak “indarkeriaz eta erresistentzia handiz” jardun zuela esan dute.
Honakoa leporatu diote ertzainek: bide-segurtasunaren kontrako delitua, agintaritzaren aurkako atentatu-delitua, eta ibilgailua lapurtzearen ondoriozko delitua. 43 urteko gizonezkoak polizia-aurrekariak zituen beste lapurreta delitu batzuengatik.