Ioseba Amunarriz: "talde honek grin handia du eta estropada bukatu arte borrokatuko du"
Lehen eta bigarren postuak eskuratu ditu Ama Guadalupekoak, asteburuan, EuskoLabel Ligan. Emakumezkoek ere bandera eskuratu eta B ontziko mutilak seigarren izan ziren Camargon.
Asteburu bikaina izan da Hondarribiko Arraun Elkarteko hiru traineruentzako. EuskoLabel eta ETE Ligetan lider mantentzen dira eta B ontziko mutilak 7. postuan daude, 6.etik puntu batera.
Larunbatean Getxoko uretan izan ziren A ontziko arraunlariak. Bertan eremu berrian lehiatu ziren estreinakoz. Donostiarrarekin lehia oso estu joan zen bukaerara arte. Berdeek atzetik aurrerako estropada egin zuten eta amaieran bandera segundo batera izan zuten. “Donostiarra oso gertu ikusi genuen eta beste puntu horren bila joan ginen” azaldu du Ioseba Amunarrizek. Eremu berriari dagokionez ez dio aldaketa askorik antzeman Hondarribiko patroiak, “Getxoko estropadak ia berdinak izaten dira denak. Arraun egiteko eremu zaila izaten da. Urak oso gogorrak zeuden”.
Igandean, aldiz, Lekeition izan zuten estropada, astelehenean Euskadiko Txapelketa jokatu zen eremu berdinean. Oraingo honetan, ordea, kondizioak zeharo ezberdinak izan ziren, haizearen aldetik bai eta itsasoaren aldetik ere. “Astelehenean kale hoberena ‘printzipioz’ bata zen, atzo aldiz hirugarren eta laugarrenak ziren”. Baina Hondarribiarrek argi dute edozein kondizioetara moldatu beharra dagoela aurrean aritzeko, “eta horretan saiatu ginen”.
Estropada osoan Urdaibairen aurretik izan ziren. Azken ziabogaren ondoren, ordea, bizkaitarrek aurrea hartu zieten. Une horietan zaila izaten da lasaitasuna mantentzea eta presaka hasteko arriskua izaten da. Hala ere, “taldeak aurrean ibiltzeko zer gogo duen ikusita eta gauzak ondo egiteko duen gogoa ikusita, edozein momentutan borrokarako prest gaude. Detaile txikiek markatzen dute diferentzia. Talde honek grin handia du eta estropada bukatu arte borrokatuko du” azaldu du.
Bandera irabazteko beste gakoetako bat kalea mantentzea izan zen. “Hasieratik argi genuen haizea eta korrontea zegoen bezala egonda gure bila etorriko zirela eta bagenekien gure kalea mantenduta azkeneko metroetan gure alde izango genuela eremua. Espero ez genuena Bermeo gure gainera horrenbeste etorriko zela zen, baina estropadako gauzak dira horiek. Tentsio askoko estropada izan zen. Helmugaratu ginenean ez genuen jakin irabazi genuela esan ziguten arte.
Asteburu honen hondoren Hondarribia lider da.
Sailkapen orokorra
1 | Matrix Hondarribia | 111 |
---|---|---|
2 | Amenabar Donostiarra Ur Kirolak 100 | 108 |
3 | BERMEO URDAIBAI | 104 |
4 | ORIO ORIALKI | 96 |
5 | KAIKU BEREZ GALANTA | 62 |
6 | GETARIA | 61 |
7 | ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA | 57 |
8 | CR CABO DA CRUZ | 41 |
9 | LEKITTARRA ELECNOR | 39 |
10 | ONDARROA CIKAUTXO | 35 |
11 | ITSASOKO AMA-SOTERA | 34 |
12 | CLUB DE REMO DE ARES | 31 |
Atzoko egunez, harrera egin zieten arraunlariei Hondarribian. Ondoren, Arrantzaleen Hermandadean ospatu zuten.
ETE Liga
Hondarribiak eta Hibaikak lehia garrantzitsua izan zuten asteburuan, izan ere, dagoeneko ligako estropaden erdia jokatu dute. Zortzi estropaden ondoren lehen eta bigarren postuan dira, hirugarrenetik, playoffa jokatzeko postuan dagoen Deustorengandik, 8 eta 7 puntuetara.
Camargoko uretan (Kantabrian) lehiatu ziren larunbatean eta estropada gogor baten ondoren Hondarribiarrak izan ziren garaileak. Ondoren, Hibaika bigarren izan zen bi segundotara. Hirugarren amaitu zuten Deustuko neskak irabazlearengandik hamalau segundotara.
Sailkapen orokorra
Elkartea | Puntuak | |
---|---|---|
1º | HONDARRIBIA BERTAKO IGOGAILUAK | 73 |
2º | HIBAIKA JAMONES ANCIN | 72 |
3º | DEUSTO BILBAO | 65 |
4º | DELTECO ZUMAIA | 53 |
5º | ONDARROA CIKAUTXO | 42 |
6º | ZARAUTZ GESALAGA OKELAN | 39 |
7º | HERNANI MITXELENA | 33 |
8º | CASTRO CANTERAS DE SANTULLAN | 17 |
9º | PORTUGALETE | 11 |
KAE 1 Liga
Hondarribiko B ontziko gizonezkoek estropada ona burutu zuen larunbatean. Hauek ere Camargoko uretan. Bigarren tandan fin aritu ziren haizeari eta ur gogorrei aurre eginez. Estropada Pedreñak irabazi zuen, bigarren Arkote izan zen eta hirugarren San Juan ontzia, (irabazlearengandik 72 zentesimetara). Sanpedrotarrak berriz bostgarren izan ziren.
Sailkapen orokorra
Elkartea | Puntuak | |
---|---|---|
1º | SANPEDROTARRA | 94 |
2º | ARKOTE SEGUROS BILBAO | 89 |
3º | S.D.R. PEDREÑA | 84 |
4º | SAN JUAN | 81 |
5º | ZARAUTZ GESALAGA OKELAN | 77 |
6º | DELTECO ZUMAIA | 54 |
7º | MATRIX HONDARRIBIA | 53 |
8º | CASTRO BRUNO SAEZ | 49 |
9º | DEUSTO BILBAO | 43 |
10º | CAMARGO CUEVA EL PENDO | 36 |
11º | ORIO ORIALKI | 27 |
12º | BUSTURIALDEA | 15 |