Errugbiak nesken harrobia indartzeko plana du
Txingudi Zaisa errugbi taldeko neskak urte askoren ondoren haien artean entrenatzen hasiko dira irailaren 13tik aurrera Plaiaundin. Talde mistoa utzi nahi dute, eta iraunkortasuna edukiko duen senior taldea sortze aldera.
Estrukturala da: neska gehienak kirola taldean praktikatzeari uzten diote nerabezaroan edota heldu egiten diren bitartean. Ebidentzia hori kirol gehienetan zenbat neska talde, zenbat mutil talde eta zenbat talde misto dauden begiratuz ikus daiteke. Izan ere, oso kirol elkarte gutxik esan dezakete neska zein mutiletan indar eta harrobi bera duen taldeak dituztenik. Dena den, badira neska eta emakumeak eutsi egiten diotenak gor- putzak behar duen behar horri taldean praktikatzeari, baina taldea ezin eratzearekin topo egiten dute askotan. Txingudi Zaisa Errugbi Taldeak argi du horrekin hautsi behar dela, eta plan bat sortu dute nesken presentzia klubean iraunkorra izan dadin.
Joan den astean 14 eta 16 urtetik beherako neskei deia luzatu zieten irailaren 13tik aurrera asteartero 17:30ean Plaiaundiko zelaian entrenatzera joan daitezen. Horretarako, 636 56 42 77 telefonora deitu edota taldearen webgunean inskribatu behar da. Patxi Garcia Roberto da klubeko zuzendari teknikoa, eta eskoletara joaten hasi zen klubaren planaren berri emateko: «Ideia atera zen bazegoelako neska talde bat parte hartu nahi zuena eta entrenatzeko egun bat hitzartu genuen: astearteak». Taldea mantendu dadin orain entrenatzen dabiltzanak «zaintzea» ezinbestekoa dela nabarmendu du Garciak. «Senior taldea sortzeko 14 eta 16 urtez azpikoen harrobia eratu behar da, hazten joaten diren heinean formatzen joan daitezen eta senior taldea egon dadin».
Lea Etxebarrieta Txingudiko taldean hasi zen, eta Eibarren Ohorezko Mailan aritu da 2021-2022 denboraldira arte. Aurrez Bidasoko eskoletara ere joaten aritu zen ere lan berbera egitera: «Emakumea naiz eta ni ikusten banaute, erreferente bat dute aurrean».
Harrobian indarra
Egun senior kategoriako 12 neska daude entrenatzen. Gehienak 14 urtez beherakoen kategorian dabiltza jokatzen, baina esaterako Leyre Floresek egun ezin du lehiatu, entrenatu bakarrik egiten du, ez duelako talderik. Harrobiko nesken taldea sortzeko aukerarekin itxaropentsu daude, ordea. Orain arte talde mistoan ibili dira jokatzen, eta desberdintasunak
nabari dituztela azaldu du Helene Tristanek: «Mistoan iristen da momentu bat zeinetan ezin duzun gehiago egin. Fisikoa aldatu egiten da, eta behar duzu zure generoko ekipo bat. Horrela gauza batzuk berdindu egiten dira. Ni baino zaharragoekin jokatu izan dut, baina nire adina dutenek ere indar gehiago dute. Desberdintasunak daude». Oro har, aurreiritzi asko daudela kirol horren gainean dio Tristanek, eta arrazoi horregatik ere talderik gabe geratzen direla uste du: «Batzuek pentsa dezakete kirola basatia dela, eta ez da horrela. Gustatuko litzaidake interesa duenak jakitea benetan nolakoa den kirol hau. Bestela talderik gabe geratuko gara». Probatzea dela lehen urratsa diote bai Garciak zein Tristanek.
Hortaz, haien lagunak gonbidatzen ari dira. Baina beste kiroletan dabiltzanak ez dira animatzen: «Nire lagunak ez dira etortzen beraien kirol entrenamenduengatik, edo lokatza nahiz kolpeengatik. Gainera, ezagutzen naute. Ni ezagututa uste dute dena dela horrela, eta ez dira atrebitzen horregatik. Ez dut nahi pentsatzea kirola horrelakoa denik, kolpe batzuk egon daitezke, baina kontaktu gutxi dago berez».
Etxebarrietak, duen esperientziagatik, kirola probatzen duten eta gustuko izan duten gehienek jarraitzeko hautua egiten dutela argi du: «Mantendu ahal izateko hasieratik jende asko izatea garrantzitsua da. Gero azterketekin hasten dira, eta lehentasuna ematen diote ikasketei, normala den bezala. Talde potolo bat lortzen bada, konprometitua dagoen jende asko egon daiteke eta entrenamenduetara geroz eta jende gehiago joan, politagoak dira. Hori lortu genuen iaz Eibarren, eta kalitatezko entrenamenduak egiten genituen».
Maider Aizpurua eta Asun Gamindez Txotxi ere proiektua babesten ari dira. Haiek Txingudiko emakumeen lehenengo taldean jokatu zuten 1994. urtean, eta orain entrenatzen eta planarekin laguntzen dabiltza. Gamindezen alaba, Greta Gutierrez, 14 urtez azpikoen taldean dabil: «Gustatuko litzaidake nik urte horietan errugbiarekin sentitu nuena nire alabak ere sentitzea. Harreman oso politak egiten dira».
Errugbia kirol leial eta lagunkoia dela dio Txotxik, eta horren erakusle hirugarren zatia dela esan du Garciak: «Hirugarren zatian egon ohi da, eta horrek zelaian aurrez aurre lehian aritu zaren horrekin laguntasuna garatzeko aukera ematen dizu. Zelaikoa zelaian geratzen da». Orain, hirugarren zatian aritzen dira neskak bakarrik jokatzen, bestela talde mistoarekin entrenatzen dute, June Bengoetxea 14 urtetik beherako jokalariak adierazi duenez.
Babes publikoa
Etxebarrietaren arabera neska gehienek nerabezaroan uzten diote kirola egiteari, eta erakunde publikoek horren aurrean ardura badutela uste du: «Proiektuak edo dena delakoak sortu behar lituzkete. Emakume profesionalak babes ditzatela. Bestela neskek ez dute ikusiko aukera hori beraientzako denik. Nesken taldeak diruz lagundu ditzatela, baina ez diru apurrekin. Denek uzten baldin badugu sistematikoa dela argi dago. Azpitik eta goitik eragin behar da».