PSEE-EEk plan orokorraren inguruko proposamenak egin ditu
Datorren hilabetean EAJk HAPOaren proposamen berri bat aurkeztuko du osoko bilkuran. Horren inguruan mintzatu da Hondarribiko PSE-EE.
Uztailean ez da osoko bilkurarik egongo, abuztuan ordea bai eta Hondarribiko PSE-EE taldeko kideak dagoeneko hari begira daude. Datorren hilabetean EAJk HAPOaren proposamen berri bat aurkeztuko du, eta ondoren, hori bera bozkatuko dute.
Duela urtebete onartu zen HAPOaren aurrerapena, eta hurrengo pausoa, helburu eta irizpideak aurkeztea izango da. Proposamen berri horien aurrean kritikoa izan da PSE-EE taldea, izan ere, beren ustez datorren hilabetean aurkeztuko dituzten irizpide berriek zehaztasun falta dutela eta aurrekoen berberak direla salatu dute. Hori dela eta, hainbat proposamen luzatu dituzte plan orokorra osatzeko:
- Industrialgune eremu berriak sustatzea.
- Arrantza sektorea sostengatzea (erreleboa egoteko beharrezko baldintzak sustatuz).
- Komertzioak suspertzea eta bizirik mantentzea.
- Ondare kulturala zabaltzea eraikin historikoak bereganatuz.
- Eskaintza turistikoa berrikustea (‘herri atsegina’ izatea egiten den eskaintza turistikoaren araberakoa dela baitiote).
- Babes Ofizialeko Etxebizitzen aldeko apustua egitea.
- Arkolla, Mendelu edo Interlimen bezalako auzoetan dauden arazo urbanistikoak konpontzea.
Halaber, dokumentuak Bidasoko Ospitalea handitzeko lur erreserbarik jasotzen ez duela salatu dute.