Lehen arretak Irunen duen egoeraz kezkatuta agertu da udalbatza
Hirugarren anbulatorioaren gaineko mozioa aurrera atera da udal talde guztien aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin da.
Uztaileko ohiko osoko bilkura izan dute gaur, Irungo udaletxean, eta udal taldeetatik aurkeztutako bi mozioak aurrera atera dira, bata, hirugarren anbulatorioari buruzkoa, eta, bigarrena, Melillako sarraskiarena. Biak gehiengoaren botoekin atera dira aurrera; lehengoan, EAJ abstenitu da, eta bigarrengoan, PPk kontra bozkatu du.
Batik bat osasun arretak Irunen nahiz eskualdean duen egoeraz kezkatuta agertu dira udal taldeak. Lehen arretaren kasuan, mediku batekin hitzordu bat edukitzea “ezinezkoa” dela nabarmendu dute eta Bidasoa Ospitalean, berriz, ez dagoela urologorik, eta traumatologiako zerrendak “amaigabeak” direla. Oihana Briones EH Bilduko bozeramailearen arabera, telefono bidez diagnostikatzen dituzte gaixotasunak baita telefono bidez errezetatu “antibiotikoak” ere. Zerbitzuak okerrera egin duela ohartarazi dute, eta kalitatezko arreta jasotzeko bermerik ez dagoela.
Hirugarren anbulatorioaren beharra udal talde guztiek ikusi dute, baita profesional gehigoren beharra ere. Baina mozioak berak sortu du EAJren desadostasuna. Xabier Iridoy EAJko bozeramailearen arabera, mozioak errealitatearen irakurketa partziala egiten du, eta egoera testuinguruan jarri behar da, pandemiarengatik eta estatu osoan dagoen profesionalen faltagatik, besteak beste. Horrez gain, irailean Jose Antonio Santano alkateak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bilera egingo dutela gogorarazi du, eta horren aurrean mozio hori aurkeztea, desegokia dela.
Lehen hitzaldien ondoren piztu da eztabaida EAJko bozeramailearen eta PSE-EEko bozeramaile Miguel Angel Paezen artean. Paezek erantzun dio ez dagoela “ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik”, eta Osasun Sailaren pandemiaz gaindiko “aurreikuspenik eza” kritikatu du. Horrez gain, talde sozialistak barrakoirik ez duela onartuko ohartarazi dio Iridoyri. Honek erantzun dio horretan ados daudela, hirugarren anbulatorioa edo egungo egoera gaindituko duen alternatiba baten alde daudela arrazoituta, eta horiek ez direla barrakoiak.
Bestalde, joan den ekainaren 24ean Melillan izandako sarraskiaren gaineko ikerketa bat eskatu dute plenoan, baita gorputzak euren jatorrizko herrialdeetara eraman ere, besteak beste. Giza eskubideen urraketa larritzat jo dute gertaera hori, eta Europari migrazio politikak aldatzeko eskatu diote. EH Bildu eta Podemosen arabera, posible dela ikusi ahal izan da, Ukrainako krisiarekin. Horrez gain, giza korridore legal eta seguruak behar direla eskatu dute, bai Melilla, bai Bidasoan baita Europa osoan ere. PPko bozeramaile Iñigo Manriquek ekintza gaitzesten duela adierazi du, eta arazoa oso larria dela esan du, baina moduekin ez datorrela bat.
Galdera eta eskarien atarian, Miguel Angel Castaño herritarrak hartu du hitza, eta honen amak maizterrekin diuen arazoen berri eman du. Izan ere, denboraldi luze bat daramatzate ordaindu gabe, eta epaitegietan bukatu dute. Honek etxegabetzeko agindua eman duela, baina udaleko gizarte zerbitzuek hura geldiarazteko agindu zutela jakinarazi du Castañok. Orain, udalak familia horri etxe sozial bat eskaini diola azaldu du, baina familiak baztertu egin duela. David Nuño Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak, argi utzi du epaitegietan dagoen arazo baten gaineko informaziorik ezin dutela publiko egin. Castaño eta bere familiarekin enpatia duela esan du, eta udalak bere konpetentzien barruan arazoa konpontzeko ahal duena egiten ari dela, baina, azkenean, epaileak daukala azken hitza.
Plenoa amaitzeko, alkateak jakinarazi du Adifek Irungo geltokia eraikitzeko lanak liziatu dituela, eta guztientzat “albiste ona” dela esan du, “etorkizunaren atea” irekiko duelakoan.