Komun kabina publikoak lehiaketara
Udalak 626.602 euro bideratuko ditu zerbitzua martxan jartzeko. Lehiaketara aurkezteko epea abuztuaren 16an amaituko da.

Hondarribiko Udalak sei zerbitzu publiko (komun kabinak ezartzeko) lehiaketara atera ditu. Hiru urteko esleipena izango da eta enpresak lau hilabete izango ditu zerbitzua martxan jartzeko. Lehiaketara aurkezteko epea abuztuaren 16an amaituko da.
Egun Hondarribian lau komun kabina zerbitzu daude: Bentan, Soroetan, Ramon Iribarren pasealekuaren amaieran eta kai-muturraren hasieran. Proiektu honekin guztira hamar kabina autogarbitzaile egongo dira herrian eta honako puntuetan instalatuko dituzte: Mendelu auzoan, Amute kirol gunean, Guadalupen (europa ibilbidean) Martxoak 8 plazan, Hondartzan eta San Juan de Dios plazan.
Kabina hauek mugikortasun urriko pertsonentzako egokituak egongo dira. Komunak erabilera mixtokoak izango dira eta kanpo pixatoki anizkoitza izango dute denek, beti ere, babes manparrekin hornituak.
Udalak 626.602 euro bideratuko ditu zerbitzua martxan jartzeko. 356.950 euro hornitzeko eta instalatzeko izango dira. 32.670 euro, berriz, mantentze lanetarako.