[Elkarrizketa] «Ondo pasatzeaz gain, presoen familiak sostengatu nahi ditugu»
Sagardoa dastatzeko tiketak zortzi euro balio ditu. Harekin nahi adina sagardo edan eta pintxoak dastatu ahal izango dira. Sagarraren zuku festa 18:00etan hasi eta 21:00etan bukatuko da.
Bi urteren ondoren bueltan da Hondarribiko Sagardo Eguna.
Bai, ekainean hasi ginen prestatzen. Hasieran Gipuzkoa plazan egiteko baimena eskatu genuen, azkeneko urteetan egin izan den lekuan, baina 23an eta 30ean hartuta zegoela esan ziguten. Hori dela-eta, Madalena plazan egingo dugu. Oso leku ona da, handia da, eta oso zentrikoa.
Laguntza asko izan duzue eguna antolatzerako garaian, ezta?
Batetik, zortzi sagardogile etorriko dira: Beko Errota, Camino-Berri, Larregain, Lizeaga, Oialumezar, Ola, Petritegi, eta Zabala. Bestetik, tortilla eta txorizo pintxoak eskainiko ditugu. Txorizoa guk ekarriko dugu, baina tortillak egiteko boluntarioen, Olagarro elkartearen [50-60 bat tortilla eramango dituzte] eta San Pedro kaleko hainbat tabernaren laguntza izan dugu. Branka taberna, Alkanadre, Hondar, Itxaropena, Sardara, Txantxangorri, Yola Berri, Gran Sol eta Rafael tabernena, hain zuzen. Halaber, Antxeta Irratiaren babesa jaso dugu. Tiketak zortzi euro balio, eta sagardoaz gain, pintxo bat dastatzeko aukera egongo da.
Sagardoarekiko zaletasun handia dago ?
Bai, urtero [pandemia garaian ezik] izugarrizko jendetza etorri da. Hondarribiko jendeaz gain eskualdeko jendea ere etortzen da. Gazteak batez ere oso gogotsu daude.
Musika edo bestelakorik egongo da?
Sagardo Eguna 18:00etan hasiko da, baina 17:00etan trikitilariak aterako dira herria girotzeko. Ondoren, Sagardo Egunari hasiera emateko Irunabar Irungo Bertso Eskolako zenbait bertsolari izango ditugu.
Sagardo Egun honek, ondo pasatzeaz gain, beste helburu bat du, ezta?
Muara Elkarteak eta Hondarribiko Sostengu Taldeak antolatu dugu elkarlanean. Alde batetik asmo ludikoa dugu; jendeak ondo pasa dezala nahi dugu. Eta beste alde batetik euskal presoen familiak sostengatu nahi ditugu. Garai berri hauetan gradu aldaketak ematen ari dira, eta bigarren gradutik hirugarren gradura pasatzeko gastu batzuk daude. Abokatuarenak adibidez. Beraz, gure laguntza eskainiko diegu. Beraiekin gaudela esateko modu bat da ere. Euskal presoak etxean nahi ditugulako.