I. Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa, Irunen
Bost proba osatu beharko dituzte goi mailako kirolariek abuztuaren 7an egingo den lehiaketan. Euskal Jiraren programazioan sartu dute hitzordua.
Gizonezkoen I. Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa egingo dute Urdanibia plazan 11:30etan abuztuaren 7an, Euskal Jiraren baitan. Atzo egin zuten lehiaketaren aurkezpena Borja Olazabal Kirol ordezkariak eta Gorka Emazabel Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko ordezkariak. Bertan izan zen ere Iñaki Olazabal Euskal Jiraren bozeramaile gisa.
Lehenengo aldiz ofiziala izango den txapelketa dela azaldu du Kirol ordezkariak eta harro daudela “txapelketaren egoitza izateaz”. Irun kiroletan erreferentea dela eta modalitate interesgarriak etortzen ari direla hirira nabarmendu du. “Hau berezia da, eta are bereziagoa herri kirolez ari garela. Benetako ikuskizuna izango da”.
Bost probez osatutako pentatloia da eta jarraian egin beharko dituzte, hots, proba bat amaitu arte ezingo dute hurrengoarekin hasi. Ziklo osoa denborarik azkarrenean egiten duena izango da garailea.
Kirolari handiak ariko dira lehian, hala nola, Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Andoni Iruretagoiena, Joseba Otaegi, Xabier Zaldua, Julen Gabirondo eta Aratz Mugerza. Honako proba hauek egin beharko dituzte:
- Harri jasotzea (hogei altxaldi 100 kg-ko harri biribilari).
- Giza proba (bi plaza 400 kg-ko harria arrastaka –plaza bakoitza 24 m ingurukoa da–)
- Aizkolaritza (45 ontzako bi enbor eta 54ko bat)
- Txingak (lau plaza 50 kg-ko txingak eskuetan)
- Korrikaldia (2 km)
Zirkulazioa
Egun horretan larunbateko azoka egunetako zirkulazio antolamendua ezarriko dute. Beraz, Korrokoitz kaletik doazenek plazara iristean eskuinetara joan beharko dute, San Martzial aldaparako norabidean. Santa Elena karrikak itxita jarraituko du, lanengatik.