[Elkarrizketa] "Konpantzia irla metafora moduan erabil dezaket"
‘Denbora-tolesak’ erakusketa osatu du irundarrak, Haizea Barcenilla lezoarrarekin lankidetzan. Irun eta Hendaia arteko Konpantzia irla ardatz hartuta bost urteko proiektua landu du artistak.
Ibilbide luzea egin duzu artistikoki, baina Irunen erakusketa bat eskaintzen duzun lehen aldia da. Nola sentitzen zara?
Udalarekin batera zenbait proiekturen hainbat aurkezpen egin ditut, baina lehen erakusketa da. Pozik nago, eta eskertuta emandako aukerarengatik. Ilusioa egiten dit bost urte daramatzadalako [Faisaien edo Konpantzia] irlaren gainean lan egiten, eta erakusketa hau ikerketa ildo horren amaiera da. Irunen bertan erakusteak zentzu guztia ematen dio.
Irun edo ingurua presente egon da zure lanean azken urteetan. Zergatik Konpantzia Irla?
Tartean ideia gustatzen zait, eta Konpantzia irla motor gisa erabili dut zenbait proiektu egiteko azken bost urteetan. Historia, politika eta gorputzen artean dauden harreman gurutzatuak interesatzen zaizkit, eta Konpantzia irla metafora moduan erabil dezaket hainbat kaparen bitartez hitz egiteko, batzuk kritikoagoak, besteak poetikoagoak eta bestelako lengoaietan. Horrenbestez, ez da hiriari buruzko lan bat, baizik eta gorputzen arteko errealitate bat, bere harremana mugarekin, migrazioarekin… beste zenbait tokitan ere badiren arazo globalekin.
Bidasoa ibaiak gaurkotasun handia dauka aipatu dituzun gai horiekin, muga, migrazioa… Presente eduki duzu zure proiektua lantzerako garaian?
Erabat. Iraitz Agirrerekin batera Konpantzia Irla. Historia kontatzeko moduak liburua argitaratu dut, eta gure ikerketan lantzen genuen ildoetako bat horixe zen: zer diren mugak gaur egun eta zein biolentzia gauzatzen duten botere harreman horiek gorputzetan. Gorputza subjektu historiko eta politikoa delako ideia garatu dugu, eta zein marka eragiten dituen.
Zer kontatzen du, zehazki, liburuak?
Liburu hau Irungo Ribera beketatik abiatzen da, eta bekan bertan artearen eta antropologiaren arteko tandemean lan egitea proposatzen da. Iraitz Agirreri Konpantzia irlaren inguruan lan egitea proposatu nion, eta hor, ikerketa hau nola egin pentsatzerakoan, toberaren ideia aipatu zen. Tobera antzerki generoa da, batez ere Ipar Euskal Herrian erabiltzen dena. Bertan, herria elkartzen da botereei zerbait leporatzeko. Hori baliatuz, guk, uhartea bera jarri genuen zalantzan. Antzerkiaren alde hori lantzeko, pertsonaiena, hainbat pertsona elkarrizketatu genituen: Sagrario Arrizabalaga Irungo Artxibategiko langilea; Edurne Epelde ekintzaile feminista eta ikertzailea; Maria Ruido artista, ikertzaile eta irakaslea; Amets Arzallus kazetari eta bertsolaria; Maggie Bullen antropologoa; Eneko Bidegain kazetari eta ikertzailea; Balvanera Nieto Yusoko monastegiko gida; eta Anartz Ormaza arkitektoa. Elkarrizketa horiekin collage bat osatu genuen, non batzuk besteei erantzuten joaten ziren, eta horrela josten joan gara antzerki saiakera hau. Ekitaldi batetik bestera irudi-libreto batzuk agertzen dira, eta bertan nire beste erakusketa batzuetako zenbait obra eta lan-prozesu agertzen dira, baina uhartea bera ardatz duena. Eguzkitza ikastetxearekin lankidetzan jardun dut, ikasleei irlarentzako beste erabilera batzuk pentsatzeko planteatu zitzaien, eta irudi bidez egin zuten. Madrilgo Arkitektura Goi Eskolako ikasleen zenbait lan ere badaude. Ikasleei proposatu zitzaien irla birplanteatzea arkitektura berrien ikuspegitik, eta liburuan bi ikaslek kolaboratzen dute. Liburua argitaratu berria da, eta erakusketara ekarri dugu salmenta puntu gisa, baita erakusketarekin berarekin hitz egiteko puntu gisa ere.
2018an hasi zenuen Konpantzia irlari buruzko proiektua. Nola joan da garatzen denbora honetan zehar?
Proiektuen proiektu bat izan da. Ikerketa bidea garatzen nindoan heinean, guztiz landu ez nituen zenbait gauza zeudela ohartzen nintzen, eta beste ikuspegi batzuetatik nola landu nitzakeen bilatzen hasten nintzen. Lankidetza ugari izan ditut, eta bai erakusketa baita proiektua ere oso koralak izan dira. Arkitekto, institutu, ikastetxe, Madrilgo Arkitektura Eskolarekin, antropologia, artearen kritika eta bertan sortzen diren harremanak… Proiektuak aurrera egiten zuen heinean sortu dira.
Lankidetzan oinarrituta lan egiten duzu beti edo proiektu honetan bakarrik erabili duzu lan egiteko modu hori?
Geroz eta kontzienteago egiten dudan zerbait da. Hasieran, lankidetzak behar tekniko batengatik etortzen ziren; alegia, nik ez dudan jakintza bat daukan pertsona batekin lan egiteko beharra, eta elkarrekin ideia bat garatzea. Anartzekin [Ormaza] lan egiterakoan proposatzen nion ideia bat landu nahi nuela, ‘nik ez dakit, nola egin dezakegu arkitektura bidetik?’. Horrela joaten ginen piezak osatzen. Orain, berriz, barneratzen ari naiz hainbat problematika daudenean zentzu handiagoa daukala horiek komunean lantzeak, askotariko buru zein begiradetatik.
Nola sortu dira kolaborazio horiek?
Ahoz ahokoaren bidez, askotan. Norbait ezagutzen baduzu, kolaboratzen ari bazara, eta beste diziplina batekin lan egin nahi baduzu, galdetu egiten duzu, arakatzen hasten zara norekin lan egitea gustatuko litzaizukeen…
Eta Haizea Barcenillaren kasuan, nola izan zen?
Erakusketa honen komisarioa izateko proposamena luzatu nion proiektu honen lehen faseko epaimahai izan zelako, eta berak hasieratik konfiantza izan du nigan. Hori eskertu nahi nion.
Hainbat diziplina lantzeak proiektua asko aberastuko zuen.
Diziplinengatik ehuntzen ez den proiektu batean pentsatzea gustatzen zait, baizik eta tematika edo sentsibilitateengatik. Erakusketan eskultura, arkitektura, argazkia, moda, entsegua, musika ere agertzen da atzealdean podcastetan… Eta guztia kohesio baten barruan ulertzea gustatzen zait. Alegia, ez horrenbeste diziplina itxi moduan, baizik eta hibridazioekin, gauza batek bestea kutsatzen duen ikuspegitik.
Hori dena zure lan egiteko moduaren parte da?
Nire lan egiteko modua edo nire praktika artistikoa lantzeko eta ulertzeko modua da. Lan egin dudan moduaren genealogia eginez gero, unibertsitatean pinturatik hasi nintzen lanean, collage-ak egiten. Collage-ak lotura handia dauka erlazioekin, irudi baten eta bestearen arteko harremanarekin, baita materialen arteko erlazioarekin ere. Hor hasi zen garrantzia hartzen erlazioaren edo tartean-en ideia. Hortik aurrera, nahiko erraza izan zait zinema, muntaia, komisariatza, edo idazketara jauzi egitea. Tartean ideia, edo nahasketa nahiz hibridazioarena garatzen joan naiz pentsatzeko eta gauzatzeko moduan ere.
Barcelona Producció-ren beka lortu duzu. Zein izango da zure proiektua?
Erakusketa honekin itxi ditut bost urteko ikerketa hauek tartean-en ideia horrekin eta uhartea motor gisa erabiliz, eta, orain, berriz, beste prozesu bat jarriko dut martxan, erakusketa honetan ere baduena bere zatia: hondakinaren ideia. Bizitza eta heriotzaren artean dauden materialtasunak, usteltzera irits daitezkeen prozesuak edo eskulturaren denborazkotasunaz hitz egin nahi dut. Alegia, poetika bat lantzea hondakinari, hondarrari edo kanpoan geratzen denari buruz.
Bilbon bizi zara, eta zenbait erakusketa egin dituzu bertan. Artistek badute babesa edo sarea hiri horretan?
Bilbok Arte Ederren fakultatea dauka, eta fakultatearen inguruan gertatu izan da jendea hara ikastera joan, eta bertan geratzea. Zentzu horretan, komunitate artistiko dezentekoa dago. Horrek eragiten du espazio independente gehiago sustatzea. Nik eta nire ikaskideek elkarte bat sortu dugu, eta Obrador deitzen den espazio bat daukagu. Horren barruan, erakusketa eta programak kudeatzen ditugu. Beraz, mugimendu independente asko dago han instituzioez aparte. Horrez gain, hiriak azpiegitura asko ditu, erakusketa areto gehiago daude, eta horrek aukera gehiago sortzen ditu.
Erakusketa bukatu ondoren, eta Bartzelonako bekaz gain, baduzu beste proiekturik esku artean?
Bai, hainbat gauzatxo ditut. Bapore Atelierren, Balmasedan [Bizkaia] talde erakusketa bat izango dut; gero, Bartzelonako erakusketa, apirilean. Horrez gain, ikastetxe eta kolektiboekin egingo ditudan hainbat tailer Gasteizen, eta baita beste zenbait gauza puntual ere.