Mugikortasun iraunkorrarentzat bidegorriak bermea direla dio EAJ-k
Mugikortasun Jasangarriko Plana 2021-2025en lehen dokumentuan jaso dutela Irunek azpiegitura egokiak behar dituela eta horrekin bat egiten dutela diote jeltzaleek.
Bidegorrien eta mugikortasun iraunkorraren aferen gainean berriz mintzatu da EAJ. Izan ere, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainez gain, Iruni azpiegitura egokiak eman behar zaizkiola uste dute, “pertsonen irizpide eta premia berriak, baita mugikortasun jasangarriak ezarritako neurriak betetzeko”. Adierazpen horiek udalak kontratatutako profesionalek Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plana 2021-2025en lehen dokumentuan jaso dituztela diote.
Berme horiek izateko Kolon pasealekuko eta Nafarroa etorbideko bidegorrien proposamenei berriz eutsi diete. Mugikortasun politiken helburu nagusia oinezkoak, garraio publikoa eta bizikletak direla adierazi dute ere. “Bizikleta, kirol eta aisialdi jarduera baten parte izateaz gain, garraiobide segurua eta osasungarria bihurtzen ari da lanera, ikastetxeetara, inguruko hirietara eta beste hainbat lekuetara joateko”.
Irunen mugikortasun iraunkorraren alde jarduerak egin badira ere “norberarekin eta herritarrekin zintzoa” izan behar dela uste dute, Irunek gabezia asko dituela-eta. “Kolon pasealekuari begiratu besterik ez dago. Berrurbanizatu zenetik, etengabe daude manifestazio publikoak eta kexak espaloietan ibiltzen diren bizikletek eta patineteek eragindako segurtasunik ezagatik, hauek bidegorri esklusiborik ez dutelako”.
Bidegorrien gabeziak konpontzeko garaia dela iritzi dute: “Eta oraingoan ondo egin behar da”. Apustua mugikortasun seguru, iraunkor eta orekatu bati begira egin behar dela diote, pertsonak erdigunean egon daitezen. Horretarako, agertzen joaten diren aukerak aprobetxatzea proposatu dute.