Adifek Irungo geltoki berriko obren lizitazioa onartu du
Hurrengo urratsa, obrak esleitzea izango da. Adifek 70 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta lanak 30 hilabeteko epean amaitzea espero du.
Adifek Irungo geltoki berriaren proiektuan “aurrera egin” duela jakinarazi du, obren lizitazioa onartu ondoren. 70 milioi euroko ekarpena egingo du, eta lanak 30 hilabeteko epean bukatzea espero du. Hurrengo urratsa obren esleipena izango da, eta datozen hilabeteetan egingo duela iragarri du. Europako diru funtsen laguntza izango du egitasmoak. Adifen arabera, geltoki berriak “jasangarritasunaren erreferente gisa” finkatuko du Irun, eta hiriaren biziberritzeari “bultzada” emango dio.
Geltoki berria egungo trenbidearen gainean eraikiko dela azaldu du. Bertan, bidaiarien erabilpena bateratu, trenbideak birrantolatu, eta eraikina inguruan integratuko direla gaineratu du. Horrekin batera, egungo eraikina botako dute baita nasetako zenbait eraikin tekniko ere.
Mendebaldetik hiriarekin bat egingo duela adierazi du Adifek, plaza baten bidez konektatuz. Geltoki berriak hiru maila izango ditu: solairu baxua-kalea, eraikinerako sarbidearekin; solairurtekoa, langileentzako bulegoekin; eta lehen solairua aldiri, erdi nahiz distantzia luzeko trenetara igotzeko erabiliko da. Bertan izango dira ere bidaiariaren arreta zerbitzua, espazio komertzialak, kafetegia eta txartelen salmetan gunea.
Bidaiarien eraikinaren alboan, autobus eta Rent a Car txartela salmentarako gune bat jarriko dute.
Bi eraikinek A kalifikazioa izango dutela jakinarazi du Adifek, eta geltokiaren estalkian eguzki plakak jarriko dituzte. Guztira, 180 panel fotovoltaiko izango dira, eta sarera lotuta egongo dira.
Hirian integrazioa planifikatua dagoen plaza baten bidez egingo dela gaineratu du, eta bertan kokatuko lirateke taxi geltokia, Kiss&Ride eta bizikletentzako aparkalekua. Ibilgailuen aparkalekua ere berrantolatuko da, eta 150 plaza izango ditu, 5 mugikortasun murriztua dutenentzat eta 8 karga puntu ibilgailu elektrikoentzat. Autobus geltokia ere handituko da bitik bost plazetara.
Trenbideak ere berrantolatuko dituztela jakinarazi du Adifek trenbideen zabalera estandarrara egokituz 6-10 nasetan, baita hirugarren trenbide bat gehituz, 5 nasan.