Iritsi da 2022ko EuskoLabel Ligako lehen bandera
Emakumeek Ligako laugarren bandera eskuratu zuten Pedreñan. B ontziko arraunlariek, berriz, bederatzi puntu bildu dituzte asteburuan.
EuskoLabel hasi zenetik hiru astebukaera jokatu dira. Guztira sei jardunaldi izan dira eta denboraldia gori-gorian eta oso zabalik dago oraindik: orain arteko garaipenak lau ontziren artean banatu dituzte.
Denboraldi bikaina egiten ari da Ama Guadalupekoa ontzia. Orain arte oso erregularra izan da emaitzetan; bigarren eta hirugarren izan da joan den asteburura arte. Eta azkenean, iritsi da lehenengo bandera talde berdearentzat. Larunbatean, bosgarren jardunaldian aurrenak izan ziren 20:21,84-ko denborarekin. Bigarren sailkatu zen Donostiarrari 3,50 segundoko aldea atera zioten. Joseba Amunarrizentzat, Ama Guadalupekoa ontziko patroiarentzat, “asteburu ederra” izan da. Maila handia dago EuskoLabel Ligan eta horren oso kontziente dira hondarribiarrak “ontziak oso azkar dabiltza eta gauzak oso ondo egin behar dira bandera irabazteko. Detaile txikiek egiten dute estropada irabaztea. Bi olaturekin joan egin ginen eta hor irabazi genuen”.
Astebururo irabaztera edo ahalik eta puntu gutxiena galtzera irteten dira Hondarribia ontziko arraunlariak. Oraingoan bakarra galdu dute, izan ere, igandeko estropadan bigarren izan ziren. Guztira 23 puntu eskuratu eta bigarren da Hondarribia sailkapen orokorrean, Donostiarratik bi puntutara.
Datorren asteburuan bi estropada gogor dituzte aurretik, Sestao eta Santurtziko estropadak, biak ala biak eremu berdinean jokatzen dira: Portugaleteko ibaian. Asteburu honetan zortea izango da gakoetako bat. “Kale zozketan ea zorte pixka bat izaten dugun hor aurrean egoteko” aipatu du Amunarrizek.
Emakumeak (ETE Liga)
Hondarribiko emakumeak asteburu itzela izan dute. Jardunaldi bakarra jokatu eta ETE Ligako laugarren bandera eskuratu zuten Pedreñako uretan. Erlojupeko estropada izan zen eta haize asko bazegoen ere sendo aurre egin zioten egoerari. Bigarren sailkatuari, Deustori, 8 segundoko errenta polita atera zioten. Zazpi jardunaldiren baitan ETE Ligako liderrak izaten jarraitzen dute.
B ontzia (Kae1 Liga)
B ontziko mutilek ez dute zorte handirik izan larunbateko estropadan. Pedreñan azkenak izan ziren puntu bakarra eskuratuz. Igandean, aldiz, oria ibaian bosgarren postua eskuratu zuten. Asteburuan 9 puntu bildu dituzte eta seigarren jarraitzen dute sailkapen orokorrean.
Arraunlariei harrera
Atzo, arratsaldeko 20:00etan, harrera egin zieten hondarribiko ontziei. Martxoak 8 plazatik abiatu, eta San Pedro kalean zehar ohiko bidea eginez iritsi ziren Arrantzaleen ermandadera. Bertan, A ontziko zein emakumeen ontziko arraunlariek asteburuan eskuratutako banderak astindu zituzten. Hona hemen harrerako bideoa.