Argazki Rallyaren III. edizioa, igandean
Aritz Aranburu Ttopara elkartearen sortzaileetako baten omenezko lehiaketa izango da aurtengoa.

Ttopara Kultur elkarteak Argazki Rallyaren edizio berri bat antolatu du igande honetarako, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Hasiera zaila izan zuen Ttopara Kultur elkartearen lehiaketa honek. Lehen eta bigarren edizioa pandemia garaian izan baitziren. Ondoren, Aritz Aranburu Ttopara elkartearen sortzaileetako bat zendu zen, eta beraz, haren omenezko lehiaketa izango da aurtengoa.
Lehiaketak bost gai izango ditu eta parte hartzaileek gai horiek inspiratutako argazkiak atera beharko dituzte.
Argazkilaritza munduan adituak diren zenbait pertsonek osatuko dute epaimaila eta sariak honakoak izango dira: irabazleak diploma eta 150 euro jasoko ditu. Bigarrenak diploma eta 100 euro, eta hirugarrenak diploma eta 80 euro. Sari horiez gain, beste bi sari izango dira: herriko argazkilari bozkatuena (80 euro) eta gazteen saria, 16 urtetik beherakoen lehiaketa (50 euro).
Ttopara Kultur elkartetik adierazi dutenez, parte hartzaile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du gehienez. Horien banaketa irailaren 2an gaueko 20:00etan egingo da. Nondik norakoak aurrerago jakinaraziko dituzte.
Oinarriak
- Argazki kamera digital bat erabili behar da.
- JPG formatuan.
- Txartela hustuta izan behar da (hasi aurretik).
- Parte hartzaile bakoitzari rallya hasi baino lehenago ‘kontrol’ argazki bat aterako zaio. (Argazkiak ez du puntuaziorik izango, baina entregatzea derrigorrezkoa izango da. Ez entregatzeak deskalifikazioa suposatuko du).
- Txartelak egunean bertan deskargatuko dira: eguerdiko 13:00etatik 14:00etara Kasino Zaharrean.
- Argazkien aukeraketa abuztuaren 1a arte (hilaren 31n, 00:59) Parte hartzaileak aukeratutako argazkiak helbide honetara bidali beharko dituzte. Mezuan parte hartzailearen zenbakia eta aukeratutako argazki zenbakia ipini beharko dituzte.
Izen ematea
10 euro balio ditu. Ttopara elkartearen webgunean (uztailaren 22ra arte) edo ekitaldiaren egunean bertan izena eman ahal izango da, Kasino Zaharrean 09:00etatik 10:00etara.
16 urtetik beherakoek ere parte hartu dezakete. Izen ematea 5 eurokoa izango da eta inskribatzean beren adina ipini beharko dute.