Suteengatik larrialdi egoera ezarri dute
Gaurko, eta astebururako, nahiz astelehenerako tenperatura altua espero dute. Nekazal eremuetan bereziki arreta jar dadila eskatu du Jaurlaritzak.
Gaurtik aurrera, espero diren tenperatura oso altuengatik, Eusko Jaurlaritzak larrialdi egoera ezarriko du suteengatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alerta egoera aktibatu zuten herenegun, baina, gaurtik aurrera, debeku batzuk jarriko dituzten indarrean, nekazaritza eremuan batik bat. Nafarroan dagoeneko debekatuta dago sua dibertimendurako eta uzta jasotzeko erabiltzea.
Hortaz, Jaurlaritzak tentuz ibiltzeko eskatu die batez ere makinak erabiltzen dituzten nekazariei. Aldi berean, aisia alorreko jarduerak (barbakoak, parrilladak eta antzerakoak) ekidin daitezela eskatu dute.
- Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea debekatuta dago. Hala nola, nekazaritza edo baso eremuetan txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
- Su artifizialak, petardoak edota pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea, eta barbakoak egitea debekatua dago. Hori guztia, landa guneetan ezezik, hiri-lurzoruetan eta zuhaitz, sastraka edo labore sailetatik 300 metroko baino gutxiagora ere debekatuta egongo da.
- Errekuntzako motordun ibilgailuak ezingo dira erabili baso-pistetan, lursailetako bideetan edota asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ezinbestekoa den kasuetan izan ezik.