Santanok Etorbidearen zubia irekitzeko eskaera egin du
Pirinio Atlantikoetako Eric Spitz prefetari helarazi zion astelehenean eskaera. Horrekin batera, zubia itxita egotearen kalteak jasotzen dituen doiserra entregatu zion.
Irun eta Hendaia arteko “mugaren” errealitatearen gaineko bilkura egin zuten astelehenean Paueko Prefeturan Jose Antonio Santano alkateak, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkariak eta Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Etorbidearen zubia berriz irekitzeko galdegin zion ordezkari irundarrak.
Zubian 2,2 milioi euroko inbertsioa egin eta hiru urteko lanak egin eta gero, 2020ko abuztuaren 28an ireki zuten berriz Etorbidearen zubia. Baina, 2021. urtea geroztik dago itxita oinezkoentzako zubi hori “terrorismoaren aurkako borroka indartzeko” Frantziako Gobernuaren esanetan.
Santanok zubiaren itxierak dakarren kalte sozial eta ekonomiko larriak nabarmendu nahi izan zituen. “Mugan bertan dagoenez, berebiziko garrantzia duen gune komertzial eta turistikoa da. Horregatik, zubiaren itxierak inguruko bizitza sozial eta ekonomikoari kalte larria eragiten diola uste dugu”.
Kalte sozial eta ekonomikoekin jarraituz, dosier bat entregatu zion Santanok Spitzi kalte horiek azalduz eta zubia irekitzeko eskatuz. “Santiago inguruko jarduera ekonomiari eragiten dio, erakustazokara iristea zailtzen du, Europa mailako Ederbidea bidegorria moztuta geratzen da, eta segurtasun-arazoak dakartza, eremu hori irteerarik gabeko bide itsu bilakatzen delako. Horrez gain, gure eskualdearen muga inguruko errealitatea islatzen duen herritarrentzako pasabide bat etenda geratu da”