[Elkarrizketa] “Epaileak pelikulako gaiztotzat gaituzte”
Hondarribiarra 2008an hasi zen epaile lanak egiten, eta ordutik, hainbat federaziotan lan egin du. Estropadetako epaile izateaz gain ETE eta KAE elkarteen kudeatzailea da.
Nola hasi zinen epaile lanetan?
Arraunlari nintzenean epaileen lanari erreparatu nion. Arraunlarien postutik gehien ikusten den irudia da. Nazioarteko estropadetako epaileak begiztatu nituen eta nire buruari egunen batean hor egon nahi nukeela esan nion. Eta hementxe nago.
Nola gogoratzen dituzu lehenengo egunak?
Hasi nintzenean ezberdina zen dena. Orduan, epaileei jarraituz ikasten genuen, egiten zuten lanari erreparatuz. Ez zen azterketarik egin behar baina 2017tik gauzak aldatzeko beharra ikusi genuen. Seriotasun aldetik, gure artean ezberdintasun handia zegoela ikusi genuen. Orain azterketa bat gainditzea beharrezkoa da epaile izateko.
Euskadiko Arraun Federazioan epaileen bozeramailea zara. Zehazki zein da egiten duzun lana?
Estropada bakoitzean, modalitatearen arabera (batelak, trainerillak, traineruak edo aulki mugikorra), epaile kopuru bat dago, beharrak ezberdinak baitira. Bozeramaile edo lehendakariaren lana, teorian, epaile denei egokitu zaien funtzioa betetzen ari direla ziurtatzea da. Baina errealitatea beste bat da. Ero moduan ibiltzen zara eta helmugako epaile gisa amaitzen duzu. Uneoro elkarteekin, ordezkariekin eta antolatzaileekin kontaktuan egon behar zara. Oinarrizko pertsona da, arduraduna. Dena ondo aterako dela bermatzen du.
Arraunlaria ere izan zinen. Ezaugarri garrantzitsua al da?
Arraunlari izan garenok enpatia gehiago izaten dugu egoera askotan. Hala ere, niretzat ez da ezinbesteko ezaugarria. Arraunean ibili izanak laguntzen du, baina oso epaile onak daude arraunlari izan ez direnak.
Estropada batean, zer epaile postu daude?
Lehendakaria batetik; bestetik, helmugako epailea izaten da, denborak hartzen dituena; irteerako epaileak ere badaude, bat uretan irteera ematen duena da, eta lehorretik ontzi guztiak lerrokatuta ateratzea bermatzen duena da bestea. Tosta finkoan batzuetan pertsona berak egiten ditu bi lan horiek. Gero ere kontroleko epaileak daude, ontzietan doazenak zerrendan izena emanda dauden kirolariak direla egiaztatzen dutenak. Tosta finkoko estropadetako ziabogetan ere izaten dira epaileak.
Kasu egiten al dute arraunlariek?
Ez, inoiz ez, eta nekatu egiten du horrek. Pareta bati hitz egiten diogunaren sentsazioa izaten dugu askotan. Oso orokorrean hitz egiten ari naiz, baina oro har uste dut gurekiko errespetua ez dela oso altua. Lehen esan bezala, zenbait urtetan seriotasuna falta izan zen gure aldetik, baina gauzak aldatzen doaz eta kasu egiteko ordua dela uste dut. Arraunlarien artetik ohiko aitzakia ‘ez dugu entzuten’ izaten da.
Zer da epaile izatearen zailena?
Zailena uretako epailearen lana dela esango nuke. Tentsio handiko momentua da. Kontuz ibili behar dugu, epaileak esaten duenak eragin zuzena baitu estropadan. Uretan jokatzen da dena. TKEren ligetan [Eusko Label eta EuskoTren], adibidez, telebista dago eta gailu elektronikoak daude. KAE eta ETE ligetan, berriz, gure hitza da balio duena. Berez, kasu egin beharko lukete, baina entzungailutik [patroiek entrenatzailearekin hitz egiteko duten aparailutik] entrenatzaileak kale onean doazela esaten diete adibidez, benetan hala ez denean. Momentu zaila izaten da.
Zein da une honetan estropadetako epaileen egoera?
Oso epaile gutxi gaude, eta estropada guztietara joaten ari gara. Azaroan hasten gara lanean aulki mugikorreko distantzia luzeko estropadekin, eta abuztu amaieran edo irailean, Kontxaren ondoren, bukatzen dugu. Atsedenik ez dugu, eta gure lan pertsonalarekin uztartzea zaila izaten da. Inor ez da epaile izateaz bizi. Borondatezko lana da, eta estropada gehiegi dira gauden epaileetarako.
Beraz, epaile gehiago behar dira, ezta?
Bai, gehiago behar genituzke eta denetik egin dugu dagoeneko. Egunkarietan elkarrizketak egin eta gure lana ezagutarazten saiatu gara. Zenbaitetan, arraunlari izandakoak edo klubetan laguntzaile gisa dabiltzanak probatzera animatzen dira. Baina oso gutxitan gertatzen da hori. Arrauna utzi duten arraunlariak epaile izatera animatuko nituzke. Kirol honetan jarraitzeko modu polita dela uste dut.
Epaile izateaz gain, ETE eta KAE elkarteen gerentea zara. Kudeaketa erronka handia da?
Bai, erotzeko modukoa izan zen hasiera. Hala ere laguntza asko jaso nuen. Erronka izan zen eta egun, izaten jarraitzen du. Izan ere, baliabide gutxi dituzten elkarteak dira. Hortaz gain, bestelako zailtasunak daude. Baina zailtasunak alde batera utzita, oso polita izaten ari da. Iazko urtea izugarria izan zen, gehienbat traineruen artean egon zen lehiakortasunagatik. Oso zirraragarria izan zen. Klubetan, ordea, tentsio handia egon zen eta gerente gisa egoera kudeatzen eta klub guztiak lasaitzen saiatu nintzen, bakoitzak bere lekua duelako eta denek garrantzi bera dutelako. Hor konturatu nintzen epaile bezala pelikulako gaiztoa nintzela, azken batean bi postuetan funtzio berbera izaten saiatzen naiz. Hau da, dena kudeatu, objektiboa izan, eta denek leku bera izatea nahi dut. Kuriosoa izan da.
Aurten badago berritasunik?
Ikusi dudan guztiagatik, oso garrantzitsua da denborak aparailu teknologiko baten bidez hartzea. Epaileon eskua azkarra da, baina pertsonak gara. KAEn eta ETEn ez dugu dirurik Traineruen Kluben Elkartean [TKE] bezala dena informatizatua izateko, baina aurkitu dugu finish bat [bideofinisha] edukitzeko modua. Aurten pausu hori emango dugu. Ni izango naiz horren arduraduna; zehazki emaitzen kudeaketaz arduratuko naiz. Guztiz objektiboak izango dira denborak aurrerantzean. Bereziki, horrelako gauza txikiak zuzentzen saiatu naiz. Epaile izateak asko lagundu dit beharrak ikusteko unean.
Aparailu teknologikoek lana errazten dute, beraz.
Hein batean, bai. Askoz ere errazagoa da gailu horiekin lan egitea, baina aldi berean presioa areagotzen da. Egitekoak oso ondo egin behar dituzu. 5