Ospitaleko lanak baloratzen ari direla esan du Gotzone Sagarduik
Irungo alkatearekin elkartu da sailburua eta ospitalearentzako beste plan bat idatzi aurretik profesionalekin ospitalearen beharrak aztertzen ari direla baieztatu du.
Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Miguel Angel Paez alkateordea Gotzone Sagarduirekin elkartu dira gaur. Irunen hirugarren anbulatorioaren prozesua eta bloke kirurgikoaren lanak nola doazen neurtzeko baliatu dute.
Irungo Udalak Oinaurren lursail bat gorde du hirugarren anbulatorio bat eraikitzeko eta asmo dute jaurlaritzari doan ematea partzela hau. Santanoren arabera berehala behar da hirugarren osasun etxea eta hori ahalbidetzeko konpromiso batzuk eskatu dizkio sailburuari bide orri bat ezartzeko: “Gure hiriko anbulatorioan arreta jasotzen duten herritarren kopuruari buruzko datu publikoak kontuan hartuta eta atzo Osasun Bidasoa plataformaren bidez ezagutu genuen informazioari erreparatuta, hirugarren osasun-etxe hori lehenbailehen abiarazi behar da”.
Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren harira, “proiektuari buruz hitz egiten” ari direla profesionalekin esan du Sagarduik, “ospitalerako beste proiektu bat agindu aurretik dauden beharrak baloratzeko”.
Uda ondoren beste hitzordu bat finkatu dute udal ordezkariek eta sailburuak, bi proiektuen egoera eguneratzeko. Horrez gain, Santanok Osasun Bidasoa plataforma deitu duela hitz egindakoaz informatzeko jakinarazi nahi izan du.