Africa Unitedek panafrikanismoa aldarrikatu zuen atzo Santiago zubian, bertako arazoa errotik konpontzeko
Melillako sarraskia irudikatu zuten Sorturekin batera egindako deialdian. Gipuzkoatik Lapurdira ezin pasa izatearen arrazoia arrazista da elkartearen hitzetan eta Frantziako estatuaren politikak bai Afrikan eta bai Euskal Herrian salatu zituzten.
Atzo, Santiago zubia itxi zuten Africa United Nafarroa eta Sorturen deialdiari jarraiki. Ekainaren 25ean Melillako hesia pasa nahian hil zirenenak gogoan izateko eta sarraski hura salatzeko elkartu ziren nagusiki. Era berean, Afrikatik etorritako euskaldunek bizi duten arrazismoa gaitzetsi zuten, baita Frantziako estatuaren politikak kontinente beltzean ere.
Melillako sarraskia irudikatzen zuten bitartean, elkarteko Modou Fayekek hartu zuen hitza eta mendebaldeko gizartearen sistemak Afrikako herria zapaltzen duela eta afrikarrei Europan bizitzea ezinezkoa egiten dietela salatu zuen hasteko. Europan ezin dutela lasai bizi diote eta ahal izaten dutenean “adeitasun paternalista eta iraingarria” jasaten dutela adierazi zuen.
Gogoan izan zituzten Libian esklaboak direnak, Ceuta eta Melillan gogoz kontra harrapatuta daudenak eta zigorrik gabe Tarajalen hil zituztenak. Bidasoa ibaiaren gainean, Melilla eta Tijuanako (Mexiko) hesi bera ezarri dutela deitoratu dute eta ebidentzia horrekin batzuek eskubide gutxiago dituztela azal koloreagatik edo jatorriagatik nahi duten lekura joateko azaleratu zuten. “Ezin dute Gipuzkoatik Lapurdira pasa beraien bizitzak arriskuan jarri gabe”.