Autobus zerbitzuarentzat aldaketak proposatu dizkio EH Bilduk aldundiari
Zerbitzua hobetzea eta trantsizio ekologikoa helburu, gazteei nahiz gune ezberdinei begirako proposamenak egin ditu koalizioak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren hamarkadan egungo autobus zerbitzuak mantentzeko egindako proposamenaren aurrean, Irungo EH Bilduk zenbait aldaketa proposatu dizkio, baita Oarsoaldea eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuaren arduradunari ere. Hurrengo proposamenen helburua zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta trantsizio ekologikoa bultzatzea litzatekeela adierazi dute.
Alde batetik, zerbitzuaren gazteen erabilerari dagokionean, bi dira egin dituzten proposamenak: BI 05 linearen maiztasuna handitzea (lehen E23, E24 eta E28 zirenak, Hondarribia-Irun-EHU Kanpusa), ordu erdiroko zerbitzua eskaintzeko, alegia. Hortaz gain, BI 47G gautxoriaren (E78) udako ordutegia, ekainetik urrira indarrean dagoena, ostiralera zabaltzea eskatu dute ere. Udako asteburuetan Hondarribi eta Irunen arteko joan etorrien maiztasuna erreparatuta, gazte askorentzat konponbidea izango litzatekeela mahaigaineratu du talde politikoak.
Bestetik, Txingudi merkatal gunea eta aireportua izan dituzte hizpide. Lehenengoari dagokionean, EH Bilduk merkatal gunea eta Bidasoako Ospitalea lotzen dituen BI06 lineak (E22) igandetan zerbitzua eskaintzea proposatu du, eguneko erabiltzaileei begira; eta maiztasuna ordu erdikora areagotzea. Bigarrenari dagokionean, aireportua eta Donostia lotzen dituzten BI01 eta BI02 lineen maiztasuna ere areagotzea eskatu dute. Hortaz guztiaz gain, bukatzeko, linea berri baten sorrera proposatu du koalizioak. Honakoak Irungo erdigunea eta Donostiako ospitaleak lotuko lituzke, besteak beste Onkologikora zein Miramonera irisgarritasuna hobetzeko.