23 urtez azpikoen Espainiako Txapelketan arituko dira bihar, BATeko atletak
Bederatzi atleta eramango ditu BATek Santanderrera, Iker Arozenak ditu aukera gehien, rankingean lehenengoa baita.
23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatuko dute asteburu honetan, Santanderren, eta BAT Bidasoa Atletiko Taldeak bederatzi atleta eramango ditu.
Horietan urrezko domina lortzeko aukera gehien dituena Iker Arozena izango da, luzera jauzian. Absolutuetan, Nerjan, brontzezko domina jantzi ondoren, adore eta konfiantza askorekin lehiatuko da igandean, 10:15ean.
Eva Queimaño eta Ana Pulgarinek, berriz, podiumera igotzea izango dute helburu. Biak laugarren tokian daude rankingean. Paula Perezekin du lehia Queimañok heptatloian, eta, oraingoan, aurreratzeko borrokatuko du. Pulgarinek, berriz, martxan arituko da, eta hirugarren tokian dagoen Gemma Morarengandik minutu batera dago.
Malen Orduñak, pertikan, eta Alazne Garridok, 400 metro hesietan, sorpresa ematera irtengo dira. Unai Gonzalez, Junkal Etxegarai, Angela Castell eta Goizane Garcia euren markak hobetzera irtengo dira. Gonzalez, pertikan, 4,80 metroko jauzira iristea lortu du; Etxegaraik 58,81 segundoko denbora, 400 metroetan; Castellek 25,31 segundoko denbora 200 metroetan eta Garciak mailu jaurtiketan, 46,73 metro eta pisu jaurtiketan 11,48 metro.