Santa Elena karrikako lanak hasiko dira
OInezkoen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko da kale honetan, lanei esker. 300.000 euroko finantzazioa lortu du udalak Europako funtsen bitartez.
Aste honetan hasiko dira lanak Santa Elena karrikan, eta aurreikuspenen arabera, zazpi hilabete iraungo dituzte. Lan horiei esker oinezkoen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea da asmoa.
Egun, espaloiak oso estuak dira eta zolagaina hondatua da. Asmoa da plataforma bakarra sortzea, muga arkitektonikoekin hausteko, eta, bide batez, lanak hornikuntza sareak berritzeko baliatuko dituztela jakinarazi du Cristina Laborda Obra ordezkariak.
Lanek aparkalekuei eragingo die. Egun, ezkerraldean aparkatzen da baterian, eta, lanak eta gero, eskuinaldean aparkatu ahal izango da, linean, zamalanak egiteko eta mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak uzteko. Oinezkoen baldintzak hobetzearekin batera, zirkulazioa baretzea da asmoa.
Udalak Europako funtsetatik 300.00o euroko finantzazioa lortu du udalak. Hala, Arbes eta alde zaharraren arteko lotune hori ingurunean hobeto integratzea izango da xedea. Ildo horretatik egin diren beste lan batzuei jarraipena emango die Santa Elenako egitasmoak: Urdanibia plazan edo San Juan plazan. Aurrekontua, osorik, 475.642,53 eurokoa da, eta lanak Urbycolan SL enpresak egingo ditu.
Proiektua parte hartze prozesu batekin aberastu zen, eta herritarrek 42 ekarpen egin zituzten; hala nola, zirkulazioa moteltzea, abiadura 20 km/h-ra mugatuz, motozikletak eta ziklomotorrak aparkatzeko leku bat jartzea, ibilgailuak espaloietan ez aparkatzeko piboteak jartzea eta oinezkoen lehentasuna ezartzea.
Oharrak
Santa Elena karrika itxita egongo da uztailaren 5etik aurrera, eta ibilgailuek bide alternatiboak erabili beharko dituzte. Bestalde, Urdanibia plazako autobus geltokia ere itxita egongo da, eta San Jose Langilea kalearen eta Euskal Herria hiribidea artean dagoen geralekua izango da hurbilen geratuko dena.