Kalea hartu zuten Irungo Harrotasun Kritikoko taldekideek ekainaren 28an, eta haiena den lekua aldarrikatu zuten Irungo festen erdian.
Irungo Harrotasun Kritikoak taldeak adierazpena egin zuen ekainaren 28an Peña kalean egin zen afari herrikoian. Sexu eta genero disidentzien edo harrotasunaren eguna, kantineren eguna berriz bilakatu izana deitoratu zuten. “Jaietako iruditegiak emakume bezala sozializatutako pertsonok abanikoa astintzen jarri gaitu, atsegin, irriabartsu eta eder gizonez soilik babestuta, gizarte heteropatriarkalak ezartzen dituen genero rolak indartuz eta gizon-emakume binomioa soilik aintzat hartuz”.
Genealogia laburtua egin zuten, erresistentzian egotearen beharra nabarmentzeko asmoarekin; 1969an Stonewalleko itxiera, 1979an Francisen erailketa Errenteria-Oreretan, 2007an Moio Hernanin eta 2016an Ekain gazte transexual ondarroarrak bere buruaz beste egin izana. Horrez gain, Irun eta Hendaia arteko “nekropolitikak” eragindako hildakoak ere izan zituzten gogoan.
LGTBI+ kolektiboaren parte direnak Irungo Udalarentzat “marketin kanpaina hutsala” eta “ekaineko apaingarria” direla salatu eta harrotasuna ez dagoela salgai aldarrikatu zuten. “Ortzarradaren ikurrina eta ustezko LGTBIQA+ pertsonen errealitatea ikusarazten duen autobusa Irungo kaleetan zehar. Udaletxea ortzarradarekin argiztatuta gaurko eta biharko gauen, 30ean ez, badaezpada”.
Irungo sexilioa amaitzea nahi dute eta horretarako aparra eta promesa hutsalak alde batera uztea galdegin dute. Saretzean ere indarra jarri behar dela diote, “LGTBIQA+ politikak eta horiek gorpuzteko baliabide ekonomikoak exijitzeko”.
Era horretan, eraso lesbofobo, transfobo, bifobo eta homofobo guztiak ez dituztela ortzadar saldan disolbatuko ez direla eta erantzun generiko bat ez dela egongo ziur dira. “Erreparazio neurriak exijitu ditzagun, erasoen jazoera ekiditekoak baita E28an gure memoria historikoak herrian merezi duen tokia har dezala eskatzeko”.
Diskurtso transfoboak gizartean bere tokia hartzen ari dela eta horrekin bukatzea denen ardura dela adierazi zuten. Ez dutela horrelako diskurtsorik onartuko eta hori bultzatzen dutenek aurrean izango dituztela harrotasun kritikoko kideak esan zuten. “Argi gera dadila ez dagoela gorputz okerrik, zistema da oker dagoena eta hau plazerez eta borrokaz leherraraztera goaz”.
Azkenik, Irungo jaien erdian ekainaren 28a bada ere, beraiena dela eguna diote. “Ez dugu Kantinera edo emakume/gizon nahiz heteroaraua indartzen duen bestelako adierazpenen eguna izaterik nahi. E28a gurea da! Irungo kaleak gureak dira”.