[Erreportajea] Gailur argituetatik, Europara
Pirinioetako Bidearen eguna da biharkoa, Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek elkarlanean antolatutako mendi argiztapen handia. Oarsoaldeko eta Bidasoko biztanleek hainbat deialdi dituzte.
Bihar, larunbata, erabakitzeko ahalmenaren eta eskubidearen gainean Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat erakundek antolatutakoa handia, eta Europara begirakoa izango da. Jaizkibeldik hasita Creusera (Katalunia), Pirinioetako eta inguruko mendietako gailurrak argitzea da asmoa, herritarren ekimenez, 300 tontor baino gehiagotan bilduz. Oarso Bidasoko biztanleak Jaizkibelen eta Aiako Harrian izango dira (ikus 7. orrialdean deialdiak). Argiztatzea 22:15ak inguruan izango da.
Jexux Olaziregi Gure Eskuko kide oiartzuarraren arabera, biharko iniziatibaren helburuak hiru dira. Batetik nazioarteko oihartzunaren bila dabiltza, burujabetzaren gainean Europan «olatu berri bat» dagoelako, Eskoziari eta Irlandari erreferentzia eginez. «Guk ere olatu horretan protagonista izan nahi dugu». Bestetik, Europara eta nazioartera bidali nahi den errelatoaren berri eman du Olaziregik: «Dugun gatazkaren iturburua erabakitzearen ukazioan dago. Alegia, Euskal Herriak eta Kataluniak ez dute gatazkarik sortzen erabaki nahi dutelako, baizik eta Espainiako Estatuak nahiz Frantziakoak erabaki horren ukazioan temati daudelako».
Bigarren helburua da Kataluniako herriarekin, nahiz beste nazio batzuekin elkarlanean aritzea. «Duela 80 urte Lluis Companys eta Jose Antonio Agirre erbestera behartuak izan ziren, eta mezu eder bat utzi zuten: ‘Gure bideak partekatuak dira’. Elkarrekin egin bagenuen erbesterako bidea, zergatik ez dugu elkarrekin egiten askatasunerakoa? Hau da, elkartasunetik elkarlanerako jauzia eman nahi da». Hirugarrenik, Euskal Herrira begira jarri dira: nazio taupada, herri gogoa apaldu dela uste du Gure Eskuk, eta horri hauspoa eman asmo dio Pirinioetako Bideak. «Euskal Herriko zazpi lurraldeak batuko dituen iniziatiba da larunbatekoa. Pirinioek ez gaituzte banatzen, batzen gaituzte. Euskal Herriaren mapa erdigunean berriz ere kokatzeko ahalegina ere izango da».
Olaziregik onartu du herritarren agendetan pisua galdu duela azken hilabeteetan erabakitzeko eskubidearen mezuak. Baina erabakiak non, nork eta nola hartzen diren kontuan hartu behar dela azaldu du, «gaur egun dagoen estatus politikoak enkortsetatu egiten du herri hau. Beste anbizio bat behar dugu gure helburuak gauza daitezen».
Oiartzuarrak azaldu du Gure Eskuk ez dakiela txikira jokatzen. Handira beti. «Herri honek aurrean dituen erronkak oso handiak dira, askotarikoak gainera. Horiei aurre egiteko herri tresnak behar ditugu, eta herri bezala erantzun behar dugu. Eta horretarako anbizio handia behar da. Ezin txikira jokatu».
Herrietako lanketa
Gure Eskuk herriz herri lantaldeak ditu. Haiek arduratu dira biharkoari begira giroa berotu, eta beharrezkoak izan diren izapide eta arlo teknikoko lanketa egiteaz, izen emateak tartean. Ehunka izango dira bihar mendiak argiztatzera joango diren Oarsoaldeko eta Bidasoko biztanleak.
Joseba Ulazia Lezoko lantaldeko kide da, bederatzi bat lagun dira. Azaldu du biharkorako herritarrak «berotzea» pixka bat kostatu zaiela, baina azken egunetan jendea bat egiten ari dela. Herriko eragileekin egindako elkarlana nabarmendu du Ulaziak, «haiei esker aurrera goaz». Gainera, herriko lantaldea pandemiaren ondoren berregituratu behar izan dutela azaldu du, aurretik zeudenen laguntzarekin, «behar izan dugunean beti lagundu digute. Martxa onean gaude orain».
Lezoarrak azaldu du biharkoa ez dela Gure Eskuk aurretik antolatutako iniziatiba erraldoien antzekoa, eta azalpenak emateko interlokuzio lan oparoa egin dutela. «Jendeak arretaz entzun gaitu. Lezoarrek badakite zertara doazen Jaizkibelera. Biharkorako, hasieran, mendian eskarmentua zuen jendeak eman zuen izena. Baina egunak aurrera joan ahala bestelako lezoarrak ere animatu egin dira. Edonor joan daiteke».
Pirinioetako Bidearen girotze lanean, Mikel Arrizabalagaren falta sumatu dute Lezon. Apirilean hil zen. «Beti asko lagundu izan du herrian. Baina joan zitzaigun. Hura ere gogoan izan nahi dugu».
Ander Errazkin, berriz, Irungo Gure Eskuren lantaldeko kide da. Hark ere adierazi du hasiera batean kosta egin zitzaiela Pirinioetako Bidearekin irundarrengana iristea, baina azken asteetako erantzuna baikorra izaten ari da. «Hala ere, nabari da erabakitzeko eskubidearen gaia ez dagoela pil-pilean. Ari gara, ordea, gure mezua zabaldu nahian. Biharkoa oso polita izango da». Hala, Xoldokogainara nahiz Erlaitzera joateaz aparte, Santiago inguruko bidegorriko laietan egin dute hitzordua: «Oso leku sinbolikoa da Irungo Gure Eskurentzat eskultura hori. 2018ko azaroko herri galdeketaren ikurra hura izan zen. Iraganarekin eta etorkizunarekin lotura egingo dugu han».
Biharkorako, hiriko eragileekin egin dute elkarlana. «Antolakuntzan asko gabiltza. Ondo gainera. Muganixera ere joango da boskote bat edo. Izan ere, farol berezi batzuk izango dira 300 tontorretan zehar, 40 kilometrotik ere ikus daitezkeenak. Erlaitz mendi taldeko kide batzuk eta Irungo Mendizaleak-ekoak joango dira hara».
Argi berezi horiek ere Xoldokogainan (bi) eta Erlaitzen izango dira. Horiek babesleak ditute: Antxeta Irratiari esker Xoldokogainako biak finantzatu dituzte; Erlaitzera eramango dena BidasoaKoop elkarteak ordaindu du; eta Muganixekoa eramango dutena Irungo Mendizaleek eta Erlaitzeko mendizale batzuk finantzatu dute.
LARUNBATEKOAK
Tokian tokiko Gure Eskuren lantaldeek hainbat deialdi egin dituzte, herritarrek kontuan har ditzaten. Jarraian agertzen diren herrietako ataletan argiztatuko diren Mendi Berdeak daude, hau da, herritarrek zailtasunik gabe haietara iristeko aukera duten mendiak. Mendi Gorriak ere badaude (zerrenda honetan ez daude), mendian eskarmentua izatea eskatzen dutenak, are gehiago gauez. Oraindik ere iniziatiban parte hartzeko izena eman daiteke.
ERRENTERIA-ORERETA
- 19:00. Zaria mendia argiztatzera joateko autobusak 19:00etan aterako dira Niessengo biribilgunetik. Afaria eramateko eskatu diete partaideei.
- 23:30ak aldera itzuliko dira herrira.
OIARTZUN
- 12:00. Kalejira Beheko Plazako biribilgunetik, Oiartzungo eta Kataluniako kideekin.
- 17:00. Altzibarren, animazioa (txosna, musika, drac-a…).
- 19:00. Aiako Harriko Bianditz eta Errenga argiztatzea egokitu zaie oiartzuarrei. Hara joateko autobusak 19:00etan aterako dira Olaldeko biribilgunetik. Behin argiztapena egin ondoren, 23:00ak aldera itzuliko dira Olalde aldera autobusak.
- Oharra: Artikutzako bidea ibilgailu ororentzat (Gure Eskuren autobusentzat izan ezik) moztuta egongo da 18:00etatik 01:00ak arte.
LEZO
- 18:30. Jaizkibel mendia argiztatzea egokitu zaie lezoarrei, mendi tontorretik Paradorea zenaren aldera. Hara joateko autobusak antolatu ditu Lezoko Gure Eskuk: 18:30ean aterako dira Sotxo tabernaren paretik zuzenean lezoarrei dagokien mendiko zatira.
IRUN
- 18:30. Erlaitzeko gaina argiztatzera joango direnek Lapurriturriko informazio gunean erromeria egingo dute, musikarekin, eta jaki-edariekin. Hara autoz joan daiteke.
- 19:30. Irundarren beste talde batek Xoldokogainako argiztatzean parte hartuko du. Hara joateko 19:30ean gelditu dira Biriatuko parkinean.
- 21:30. Santiagoko bidegorriko laietan ere ekitaldia antolatu du Irungo Gure Eskuk mendira joaterik izango ez dutenentzat. Handik, bertaratzen direnek Jaizkibel, Xoldokogaina, Erlaitz eta Aiako Harria argiztatuak ikusiko dituzte.
PASAIA ETA HONDARRIBIA
- Bi herrietako kideek Jaizkibel argiztatuko dute. Aurrez ez dute deialdi berezirik egin.
GUADALUPE
- 16:00. Jaizkibel argiztatzera joan aurretik, han egongo direnak girotzeko gunea izango da Guadalupeko zelaigunean. Bertan musika, jakiak eta edariak izango dira. 240 autorentzako tokia dago han, beraz, autoz joango direnei horiek jendez beteta eramatea eskatu diete. 18:00etan autobusak aterako dira Guadalupetik Paradorera, handik partaideak sakabanatzeko.