[Bideoa] Ia udal talde guztiek egin diote harrera Alarde Parekideari
PPkoak izan ezik, udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdi politikoetako ordezkariren bat izan da Alarde Publikoari harrera egiten.
Ausentzia nabarmenak izan dira, baina baita espero ez ziren agerraldiak ere. PPko udal ordezkariak kenduta, Irungo Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek egin diote harrera, udaletxeko balkoian, Alarde Parekideari. Hau da, espero ziren Elkarrekin Podemos-IUko eta EH Bilduko kideekin batera, PSE-EEren eta EAJren ordezkaritza izan da 26.enez atera den berdintasunaren alardeari harrera egiten. Hori bai: Jose Antonio Santano alkateak harrera egin dio alarde baztertzaileari, eta Alarde Parekidea hasi aurretik irten egin da irundar guztien etxetik, udaletxetik. Keinuak izan dira, baina auzia bideratzeko lausoegiak oraindik.
Hiriko Elkarrekin Podemos-IUren ordezkaritzaren buru Miren Etxebeste Berdintasun zinegotzia izan da udaletxeko balkoian; EH Bilduren eledun Jokin Melida izan da koaliziokideen buru; PSE-EEtik Borja Olazabal Kirol, Mugikortasun eta Garapen Iraunkorrerako ordezkaria agertu da (hauteskundeetako zerrendetan independente gisa joan zen); eta EAJren ordezkaritza ere izan dela adierazi du Miren Etxebestek, baina HITZAk oraindik ez du konfirmatzerik izan nor joan den jeltzaleen izenean.
Besteak beste, eta Irungo hautetsi horiez gain, honako ordezkariek egin diote harrera parekideari: Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak; Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak; Arartekoaren laguntzaile Ines Ibañezek; Gipuzkoako Foru Aldundiko hautetsi Juan Carlos Izagirrek (EH Bildu) eta David Sotok (Elkarrekin-Podemos); Maria Eugenia Palop Europako Parlamentuko Emakumeen Eskubideen eta Genero Berdintasunaren Batzordeko eurodiputatu eta presidenteordeak(Podemos); Garbiñe Ruiz Podemos Euskadiko Feminismoen arduradunak; Aitzole Araneta Donostiako Elkarrekin Podemosen udal taldeko bozeramaileak; Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak (EH Bildu) eta herri horretako Errenteria Elkarrekin-eko zinegotzi Maite Gartzia; Oihana Etxebarrieta Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko parlamentariak. Horietako hainbaten adierazpenak aurrerago emango ditu HITZAk.
Bestelakoan, egoki joan da Alarde Parekidearen hasiera. 26.enez egin dute San Martzial kalean gora arrankada, gaurkoan euriarekin hasi de San Martzial Egunean. Txalo zaparrada izugarria izan da espaloiak bete-bete zituen kalean. Ondoren, San Juan plazara iritsi dira konpainia parekideak, eta han, ‘Emakuneak alardean’ oihukatuz eserialdia egin dute partaideek, udalaren ezikusiarena eta utzikeria salatzeko. Geroago iritsi da Maite Bergara jenerala, zaldiz, irmo eta sutsu. Harro hura, eta baita orroka eta txaloka jaso duten alardekideak eta ikusleak ere. Errebista pasa ondoren, Miren Etxebeste udal gobernuko kideak hiriko bandera eman dio Rogelio Resende Bidasoa konpainiako kideari; hura ere, pozarren. Alarde Parekidearen 26 urteko historian lehenengoz jaso dute udal gobernuko kide baten eskutik hiriko bandera.
Irungo ikurra buru desfilearekin jarraitu dute emakumeek eta gizonek. Jai egun handia da gaurkoa Irunen, San Martzial Eguna. Ondoko bideoan, goizeko hainbat une. HITZAk, eguerdi partean, Alarde Parekidearen argazki galeria osoa publikatuko du.