[Erreakzioak] Santano: "Ez dugu adostasuna lortzerik izan, baina saiatuko gara"
Erakundeetako hainbat ordezkarik 2022ko alardearen gainean egin dituzten erreakzio sorta.
Jose Antonio Santano. Irungo alkatea.
“Bi plano daude soziala edo kalekoa, eta instituzionala. Hor lanean aritu naiz azken bi urteetan guztien arteko akordio bat lortzen, eta horretan jarraituko dut. Kalean bizi dugun normaltasuna erakundeetara eramaten saiatu behar gara, baina denen artekoa eta denontzat izan behar du. Ez dugu kontsentsua lortzerik izan, baina saiatu gara. Udal talde guztien eta erakunde guztien akordioa da helburua, espero dut lortuko dugula, eta nik horren alde lan egingo dut. Pauso faltsurik ez da eman behar, eta etorriko denak egungo egoera hobetu behar du”.
Miren Etxebeste. Berdintasun zinegotzia
“Berdintasun zinegotzi bezala, ohorea eta poza izan dut hiriko bandera emateko Alarde Parekideari. Milaka pertsonak argi dute berdintasuna defendatu behar dela Irungo jaietan nahiz alardean, eta Berdintasun ordezkari bezala hori da nire helburu argietako bat. Berdintasunean aurrera egiten badugu alardean parte hartzen duten horiei esker da.
Hemendik aurrera, Berdintasun zinegotzia den edonork hau egin beharko luke, baina honek horrela jarraitu behar du, Alarde Parekidea delako berdintasuna defendatzen duen bakarra. Udal honetan funtzio politiko bat bete behar dut, eta hori egiten ari naiz.
Alkateak ez die erantzun Alarde Parekidekoei. Horrek esan nahi du ez dituela herritar horiek ordezkatzen egun hauetan. Espero nuen alkatea harreran egotea, eta alkateak ez egoteko erabakia hartu du. PP izan ezik alderdi guztietako ordezkariak izan dira balkoian Alarde Parekideari harrera egiten. Hori pauso bat da, eta uste dut bidea irekitzen hasi dela alderdi guztietan.
Botoarena atzerapauso ikaragarria izan da. Pandemiaren bi urteetan pauso bat eman zen, eta alardeari buruz hitz egiteko batzorde bat eratu zen udalaren barruan. Legegintzaldi honetako konpromisoetako bat izan zen, eta lehen pausoa izan zen botoa berreskuratzea. Aurten, alkateak berak erabaki du 12:00etan mantentzea, jakinda horrek baldintzatzen gaituela: ezin diogu Alarde Parekideari harrera egin, eta aldi berean, San Martzialen egon. Botoa emango diote Irungo herritarren zati baten izenean. Irungo EAJko ordezkariek ez zuten protestarik egin.
Legearen arabera, udalak zerbait egin beharko luke berdintasuna bermatzeko jaietan. Segur aski, elektoralismo hutsagatik hartu dute erabakia PSE-EEk eta EAJk.
Urteko egun guztietan udal talde guztiek bat egiten badugu berdintasunaren alde, jaietan ere hala izan beharko luke”.
Denis Itxaso. Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn.
“Nire ibilbide instituzional eta politikoan beti saiatu izan naiz Alarde Parekidea babesten. Iruditzen zait bateragarria izan behar duela jaietan ere elkarbizitzan eta berdintasunean parte hartu ahal izatea, jakinik Irunen eta baita Hondarribian ere emakume eta gizonen zati handi batek eskatzen dutela modu parekidean parte hartu ahal izatea”.
Ines Ibañez Maeztu. Arartekoaren ordezkaria.
“Arartekoa oinarrizko eskubideen defendatzaile moduan beti izan da hemen, hain irrazionala den egoera hau sortu zenetik. Gaur ere gure jarrera sendo mantentzen dugu emakumeen eskubideen alde, parekidetasunari dagokionez, alor guztietan, horien artean, jaien espazioan. Horiek guztienak eta guztientzako izan beharko lukete, eta ulertezina da oraindik alarde bikoitza mantentzea. Emakumeak eta alarde mistoa babestuko ditugu egoera hau indarrean dagoen bitartean. Espero dugu egoera zentzugabe hau gainditzea”.
Izaskun Landaida. Emakundeko zuzendaria.
“Alarde mistoa babestera etorri gara, historikoki egun dugun bezala. Guk uste dugu tradizioak gizartearen kohesiorako oso garrantzitsuak direla, baina testuinguru konkretuan sortuta daudenez, egokitu egin behar dira garai berrietara, eta emakume eta gizonei aukera berdintasuna eman. Hori da, gainera, estrategia denboran zehar irauteko. Atzo, Lekeition bertan ikusi genuen nola emakume batek Kaxarrankan dantzatu zuen lehen aldiz, eta ez zen ezer gertatu. Beraz, posible da. Duela gutxi, ikerketa bat aurkeztu genuen, EAEn egin diren prozesuen inguruan, eta nola ezinbestekoa den herri mailan gaiari buruz hitz egitea. Elkarrizketa eta akordioa eskatzen ditugu”.
Juan Karlos Izagirre. EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea.
“Bi urte hauek aukera paregabea ziren aurrerapausoak emateko, baina ikusi dugu Irunen PSE-EE, EAJ eta PPk atzerapauso bat eman dutela boto emate ekitaldi bateratura ukatu egin baitute, Alarde Parekidea baztertuz. Udalari eskatzen diogu behingoz antola dezala Alarde Parekide bateratu bat beste herri askotan egin den bezala, Antzuola, Donostia, Lekeitio edo Lesakan esaterako. Zoriondu nahi ditugu parte hartzen duten emakumeak eta beste guztiak, eta gogoan izan nahi ditut duela 25 urte borroka hau hasi zuten pertsona ausart guzti horiek”.
Aizpea Otaegi. Errenteriako alkatea.
26. urtea da lehenbiziko Alarde Parekidea aldarrikatu zenetik, eta, zoritxarrez, jarraitzen dugu Alarde Parekide eta publiko bat eduki gabe, eta babes instituzional mugatuarekin. Beste instituzioetako ordezkari garen neurrian, babes osoa erakustera etorri gara”.