Bertsolaritza Txapelketa Nagusia, Ficoban
Txapelketa Nagusiko hamalau saioen artetik bat Irunen izango da, azaroaren 5eko 17:00etan Ficoba erakustazokan.
Atzo aurkeztu zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak aurtengo Txapelketa Nagusia. Berez iaz tokatzen zen egitea Euskal Herriko Txapelketa dena, baina pandemiagatik, 2017tik aurtengora egin du jauzi bertsolarien arteko lehiak. Hala, txapelketak hamalau saio izango ditu (Iruñeko abenduaren 18ko finala barne), eta horietako bat Irunen izango da: azaroaren 5ean, Ficoban, finalaurrekoetako lehenengo itzuliko lehenengo saioa izango da bertan, 17:00etan hasita. Horretarako sarrerak Bertsozale Elkartearen webgunean eskura daitezke. Getxon hasiko da, irailaren 24an.
Irunek tradizioa du Txapelketa Nagusian. Aurreko edizioetan beti izan dira zaioak hirian. Aurtengo berritasuna, baina, saioa jokatuko den tokian dago: Artalekutik, Ficobara egingo du jauzi. Hala, azaroaren 5eko saioan izango den bertsolari baten izena aurrera daiteke soilik, Sustrai Colinarena alegia. Izan ere, harekin izango diren beste bost bertsolariak sailkapen fasean izandako emaitzetatik iritsiko dira.
Orotara 42 bertsolarik parte hartuko dute Txapelketa Nagusian. Horietatik bakarra da Oarso Bidasokoa: Alaia Martin oiartzuarra.