Bi domina lortu ditu Jose Mari Zabalak Espainiako Master Txapelketan
Osasunaren Aldeko Milien gaineko balantzea ere egin du Bidasoa Atletikok, eta jardunaldi horretan kirola askotariko herritarrengana zabaldu dutela esan du.
Jose Mari Zabala BAT Bidasoa Atletiko Taldeko atletak bi domina eskuratu ditu Espainiako Master Txapelketan, Tenerifen: zilarrezkoa 400 metro lauetan, eta (1:00,58) eta brontzezkoa 200 metro (27,18 segundo). 100 metro lauetan, berriz, bosgarren egin zuen.
Bestalde, 18 urtez azpikoak Jerezen izan ziren Espainiako Txapelketa jokatzen. Ez zuten, ordea, zorte bera izan, eta dominarik gabe itzuli ziren. Markarik onena Iker Ibarguenek egin zuen, seigarren geratu baitzen 2.000 metro oztopo lasterketan. Hurrengo txapelketa Espainiako Absolotuen Txapelketa izango da, Nerjan.
Ordiziako meetingean, berriz, erreleboetan, Alaine Agerralde, Mariela Beraza, Leire Martiarena eta Nerea Sorondok osatutako taldeak bigarren egin zuen, eta, horri esker, une honetan Espainiako 16 urtez azpiko behin-behineko rankigean hirugarren tokian leudeke.
Gainontzerakoan, Iker Arozenak sentsazio onekin bukatu zuen lehia Nerjan jokatzekoa den txapelketari begira.
Osasunaren Aldeko Miliak, mundu guztiarentzat
Igande goizean Osasunaren Aldeko Miliak kirol jardunaldia egin zuten. BATek gogorarazi duenez, kirola herritar abaniku zabal batengana zabaltzea da horren helburua. Lehen orduan, adinekoek paseoa eman zuten. Ondoren, 4×1 erreleboen txanda izan zen. Hamabost taldek lehiatu zuten, eta BATmastersek irabazi zuen mutiletan eta BAT Urdinek nesketan. Mixtoetan Los Muyayos izan zen talderik onena.
Bestetik, gurpildun aulki eta handbiketan bost partaide izan ziren, eta Javi Jaenek iritsi zen helmugara lehen tokian. Buru urritasuna daukaten pertsonek ere euren lasterketa izan zuten, modu ez konpetitiboan.
Jarraian, Juanma Garate Duatloi Txikia jokatu zuten Benjamin, Alebin eta Haur mailean. Parte hartzea handia izan ez arren, ikuskizun polita eman zutela adierazi du BATek.
Goizeko azken jarduera Minbiziaren Kontrako Milia izan zen. Dortsalak salgai jarri zituzten, eta bertan bildutako dirua Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkarteari emango diote.