Hazian prest dira jaietarako
Musika izango da protagonista datozen egunetan, eta hilaren 28an LGTBI Harrotasunaren Eguna ospatuko dute.
Irungo jaiak gainean dira, eta Haziak datozen bi asteetarako egitarauaren berri eman du. Kontzertuak izango dira protagonista, eta horiek San Juan bezperan hasiko dira, Reggae Gauarekin. 23:30ean hasiko dira musika jartzen Sustrai Sister Uwaprods eta lagunak.
Hurrengo egunean, ostiralarekin, Punk Gauaren txanda izango da. Apaga y vamonos eta Kaos Kooperativ igoko dira oholtzara, 23:30etik aurrera.
Hurrengo ospakizuna LGTBI Harrotasun Eguna izango da. 21:00etan The Iiingles taldeak kontzertua eskainiko du eta 23:30etik aurrera, DJ Bullek jarriko du musika. Egun horretan afaria izango da.
Bestalde, taberna egunero irekiko dute datozen bi asteetan, igande eta astelehenetan izan ezik. Bertan, pintxoak, errazioak, bokatak eta etxean egindako pizzak eskainiko dituzte.
‘Bi arnas’-en emanaldia
Musikaz aparte, beste bi deialdi egin ditu Haziak. Gaur bertan, Hazia biziberritzeko prozesuaren saioa egingo dute, 19:00etan. Bihar, berriz, Bi arnas dokumentala eskainiko dute, 19:00etatik aurrera.