Mugako kontrolekin bukatzea eskatu dute beste behin
Abderraman Bas Bidasoa ibaian hilik aurkitu duten gaztearen heriotza salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute.
Abderraman Bas 25 urteko migrantea hilik aurkitu zuten larunbatean, Bidasoa ibaian; zehazki, Behobiako zubi inguruan. Aurten ibaian hilda agertu den bigarren gorpua da, eta zerrenda luzatzen ari da. Irungo Harrera Sarearen arabera, bederatzi dira Bidasoko mugan hildako migranteak, eta joan den apirilean beste migrante bat desagertu zen.
Guztien izenekin egin zuen elkarretaratzerako deia IHS Irungo Harrera Sareak, eta herritarrek erantzun zuten: hamarnaka lagun elkartu baitziren atzo, San Juan plazan. Tessfit Temzide, Abdoulaye Koulibaly, Yaya Karamoko, Sohaibo Billa, Mohamed Kemal, Fayçal Kamadouche, izena ezagutzen ez den beste migrante bat, Ibrahim Diallo eta Bas dira Bidasoan hildako migranteen zerrenda iluna osatzen dutenak.
Beste behin, mugako kontrolekin bukatzeko eskatu zuten, eta hiru pankarta zabaldu zituzten: nagusia, Euskal Herria harrera herria. Zirkulazio askea eta eskubide berdinak denentzat. Duintasuna, eskubideak eta aukerak, eta beste bi: Zubiak eraiki, harresirik ez eta Korridore humanitarioak denontzat.
Iragarritako heriotza
IHS atsekabetuta azaldu da Basen heriotzaren aurrean eta iragarritako heriotza zela salatu du: “Zenbat kontatu behar ditugu Frantziako estatuak kontrol arrazista horiek altxa ditzan?”. Horren ondorioz, “migratzaileen sufrimendua areagotu” eta zaurgarritasun egoera horretaz baliatzen diren “lotsagabe, txorizo, litxarrerok eta lapurrak” agertzen direla jakinarazi du. Horrez gain, harrera gunean euren presioa areagotzen dietela kritikatu du, bertan gaua pasatzeko egunen atzera-kontaketarekin, eta horrek arriskuak hartzera bultzatzen dituela.
SOS Arrazakeria ere bide beretik mintzatu da, eta Bidasoako muga ere “migratzaileen eta errefuxiatuen hilerrien zerrendara” gehitu dela adierazi du. Zentzu horretan, beste behin eskatu die euskal erakundeei Frantziako gobernuaren jarreraren aurrean jarrera argia izan dezatela, eta mugako kontrol horiek bertan behera uzteko eska dezatela. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak ez dituela “ordezkatzen” adierazi du, baldin eta “gure lurretik igarotzen diren pertsona guztien bizitza” ez baldin badago euren misio, balio eta anbizioaren barruan.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak ezin dela “drama egoera horretara ohitu” gaitzetsi du, ezta “ikusle soil” moduan geratu. Era berean, muga kontrolak salatu ditu: “Uretara salto egiten dute mugako kontrol zorrotzak saihesteko. Arazoa hori bada, konpondu egin behar dugu”. Bestalde, migrazio politika komunak eskatu ditu Europa osorako.
Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak “korridore seguruak” eskatu ditu “Europan bizi-proiektu bat eraiki nahi duten pertsona guztien migrazio iraganbiderako”. Egoera “bidegabea” dela esan du: “Bai Mediterraneoan, bai Bidasoan, bai Europako edozein tokitan, inork ez lituzke hain egoera bidegabe eta muturrekoak pasa behar”. Horrekin batera, “egiturazko neurriak” eskatu ditu, “bizitza eta etorkizuna arriskuan jar ez dezaten”.