'Marraztu gure mugikortasun maskota' lehiaketako irabazleak saritu dituzte
Aurrerantzean, Bidasoako Interpretazio Zentroan hamarnaka parte-hartzaileren marrazkiak egongo dira ikusgai.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak “Marraztu gure mugikortasun-maskota” marrazki lehiaketako sariak banatu ditu. Pasa den maiatzaren 25ean egin zuten lehiaketa, Ficobako Kirolaren Jaian zehar; eta bertan Hondarribia, Irun eta Hendaiako haurrek eskualdeko “Txin Mobi” mugikortasun maskota marraztu behar izan zuten.
Orain, sari banaketan, Irungo Dunboa eskolako Nahikari Rodriguezek jaso du lehen saria hamar eta hamabi urte arteko kategorian; eta Hondarribiko Ama Guadalupekoko Uxue Kintanak irabazi du zortzi eta bederatzi artekoenean. Hurrenez hurren, bizikleta eta patinetea jaso dituzte irabazleek.
Marrazkiak ikusgai, Hendaian
Jakinarazi dutenaren arabera, egun horretan egin ziren hamarnaka marrazki ikusgai jarri dituzte Bidasoako Interpretazio Zentroan, Hendaian. Erakusketa uztailaren 31 arte egongo da zabalik, ekainean zehar goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara egongo delarik irekita, astelehenetik ostiralera. Uztailean zehar, ordea, ordutegia zabaldu eta ordutegi hauetan ere marrazkiak ikusteko aukera eskainiko dute: ostiral arratsaldetan 15:00etatik 18:30era eta larunbat eta igandeetan 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.