Alegazioak egin dizkio PSE-EEk hiri arteko autobusen aurreproiektuari
Aste honetan argitaratu da GAOn, eta Jaizubiako biribilguneko geltoki nahiz E21 linearen zerbitzuaren inguruan egin dituzte proposamenak.
Hondarribiako PSE-EEk zenbait alegazio egin dizkio aste honetan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aurkeztu den hiri arteko autobus zerbitzuen aurreproiektuari. Egitasmoak Bidasoko eskualdeko zerbitzuei eragiten dienez, bi izan dira taldeak egin dituen proposamenak.
Alde batetik, Jaizubia eta Komarkal arteko biribilguneko geltokian zerbitzuak bermatu behar direla adierazi dute. Izan ere, bertatik igarotzen den ohiko lineak, E-20ak, ez du zerbitzurik eskaintzen asteburutan. Hori dela eta, autopistatik datorren E-21 linea bertan gelditu eta inguruko bizilagunen nahiz ospitaleko langile eta erabiltzaileei erraztasunak eskaintzea da PSE-EEren proposamena.
Beste alde batetik, E-21ak Hondarribira bueltan iristean aireportuan egiten duen hamar minutuko geldialdi teknikoa aipatu dute. Bada, erabiltzaileen bidaia luzarazten duelakoan, sozialistek geldialdia Sabino Arana kalean egitea proposatu dute. Etorkizunean, bertan “termibus” geltoki bat eraikitzeko asmoa dago.