120 zaldizko bilduko dira asteburuan Irun Hiria Sari Nagusian
0,50 metrotik 1,30 metro arteko saltoak egingo dituzte Euskal Herri osotik joango diren zaldizkoek. Beste urte batez Nagore Otaño izango dute gogoan.
Asteburu honetarako, hilak 18 eta 19a, Jaizubia Klub Hipikoak XXXII. Irun Hiria Sari Nagusia Nagore Otañoren Oroimenez txapelketa antolatu du. Urtero San Pedro eta San Martzial jaien barruan egin ohi da eta Irungo Udalak bultzatzen du.
Bataz beste Euskal Herri osoko 120 zaldizkok hartuko dute parte asteburuan. “Proba zorrotzak eta ikusgarriak dira eta kalitatezko zaldizkoak izango dira gurean”. Klubaren pista nagusian egingo dira probak. Kontuan izan behar da Euskadiko pistarik handiena dela 80×70 metro eta 6.000 metro karratu dituena.
Bi egunetan 09:00etan hasiko dira probak eta altura ezberdinetako jauziak ikusteko aukera izango da, 0,50 metrotatik hasita, 1,30 metrotara. Txingudi Ikastolako aparkalekua prestatuko dute autoz bertaratzen direnentzako, baita Urdanibia Jauregi ingurua ere.
Nagore Otaño
Jadanik 30 urte baino gehiago daramatza klubak txapelketa hau antolatuz, 2007. urtera arte San Martzial Saria Derdiba deitzen zena. Baina 2008an Lasarteko hipodromoan Nagore Otañok izan zuen istripuaren ondoren, Nagore Otañoren Oroimenez azpi izenburua jarri zioten.