Emeki elkarteak proposatutako plana aurrera doa
Datorren astean udalbatzara eramango dute Bienvenida Emazabel Susperregi plazaren izendapena.
Atzo goizean, Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziak Emeki Elkarteak proposatutako planaren azken aurrerapenen berri eman zuen. Proposamenak Hondarribiko zazpi plaza zehatzen izendapena egitea jasotzen zuen “emakumeen lana eta indarra balioan jartzeko”.
Joan den astean izendapen berria udal batzordetik pasa ondoren, datorren asteko udalbatzan izendapena egingo dute. Era honetan, zazpi plazak izendatuak geratuko lirateke.
San Pedro eta Santiago kale artean dagoen plazari, orain arte iturriko plaza deitzen zaionari, Bienvenida Emazabel Susperregi izena ezartzeko proposatu dute. Azken izendapen honetarako, udala, Emeki Elkartearekin, Santa Maria Madalena batzordearekin eta Santa Maria Madalenako bizilagunekin elkartu zen.
Susperregi Santa Maria Madalena inguruarekin lotura estua zuen pertsona zen. Arrain eta barazki saltzailea, herrian hildakoen berri ematen zuena eta arrantzaleak arrantzara joateko deitzen zituena.
Bestalde, emakumeen izenekin izendatutako lau plaza inauguratu gabe daudela oroitarazi zuen berdintasun zinegotziak; Agustina Genua Saralegi plaza eta Petra Laborda Zazuarregi plazak larunbat honetan Denda kalean inauguratuko dituzte eta ekitaldi berezia izango dela aurreratu dute.
Hondarribiko kale izendegian emakumeen kale eta plazen izenak ezartzeko proposamenak, udalaren berdintasun planaren bigarren atalarekin bat egiten du.