[Elkarrizketa] "Naonedek aukera eman dit, eta gogoa neukan salto hori emateko"
Zumaiarrak Naoneden [Nantes, bretoieraz] jokatuko du datorren denboraldian. Bukatu berri den denboraldia "konplikatua" izan arren, helburua lortzeko gai izan dira. Bidasoak hirugarren bukatu du liga, eta laugarrenez segidan sailkatu da Europarako.

Denboraldi bikaina egin du Bidasoak. Azken lorpena joan den asteburuan; Asobal Kopan txapeldunorde geratuta. Nola bizi duzue hori guztia barrutik?
Denboraldi konplikatua izan da: partida asko jokatu behar izan ditugu, COVID-19arengatik partidak atzeratu dira, min hartutako jokalari asko eduki ditugu… Kirol mailan, denboraldi konplikatua izan da. Egia da, ordea, emaitzei dagokienez, ondo ateratzea lortu dugula. Ligan azken jardunaldira arte bigarren postuarengatik borrokan ibili ginen, Asobal Kopan ere borrokatu genuen, eta txapeldunorde geratu ginen…
Zaila izan da hori guztia kudeatzea?
Bai. Jokalari garrantzitsuak lesionatzen direnean edo egun gutxitan partida asko jokatu behar dituzunean, beti zailagoa izaten da maila ematea eta ondo errenditzea. Une zailak izan genituen, baina nik uste dut ondo ateratzea lortu dugula.
Zein izan da errezeta denboraldi konplikatu honetan gauzak ongi ateratzeko?
Aurrekoetan bezala, denok egin dugula lan taldean. Batzuk min hartuta zeudenean edo bajan, beste batzuek hartu dute taldearen ardura. Beraz, esango nuke denok konplitu dugula eta maila ona eman, eta, azkenean, helburua lortu dugu.
Bidasoara iritsi berritan, Zilarrezko Mailatik Asobal Ligara igotzea lortu zenuten, eta, hortik aurrera, nahiko urte goxoak bizi izan dituzu Bidasoarekin. Nola baloratzen dituzu?
Bigarren Mailara 19 urterekin iritsi nintzen, eta lehenengo urtean lortu genuen Asobal Ligara igotzea. Gero, pasa genituen pare bat urte mantentzen, eta ondoren, bigarren geratu ginen Europarako sailkatuz. Hortik aurrera, nahiko urte onak izan ditugu, emaitza onak lortuz. Asko disfrutatu dugu.
Zer eskaini dizu Bidasoak eta zuk zer eskaini diozu Bidasoari?
Bidasoak eskubaloi profesionala probatzeko aukera eskaini dit. Azkenean, urte oso onak bizi izan ditut, jende asko ezagutu dut, lagun on asko egin ditut, momentu oso onak pasatu ditut… Pulpotik nentorren nire lagunekin jokatzetik herrian, eta jauzi hori eman nuen. Zazpi urte hauetan jende asko ezagutu eta une oso onak bizitzeaz gain, txapelketa garrantzitsuetan jokatzeko aukera izan dut, baita partida garrantzitsuetan ere.
Nik, berriz, zazpi urte hauetan daukadan dena eman dut jokalari bezala; ahalik eta ondoen egin ditut gauzak, ahalik eta gehien entrenatu dut ahalik eta gehien hobetzeko…
Zaleez agurtzeko aukera izan zenuen, Artalekun jokatutako azken partidan, eta baita aste honetan ere klubak denboraldia agurtzeko antolatutako ekitaldi instituzionalean.
Bai, hori da. Azken partida polita izan zen: Artaleku beteta zegoen. Azken minutuan aldatu ninduten, eta denak txaloka hasi ziren… hunkigarria izan zen. Atzo [astelehenean] agur ofiziala egin genuen, eta jende gutxiago etorri zen arren, betikoak hor zauden. Oso eskertuta nago, oso maitatua sentitzen naiz.
Nolako momentuak bizi izan dituzu Bidasoa taldeko jarraitzaileekin?
Onak. Uste dut zortea izan dudala alde horretatik, momentu onak bizitzeko aukera izan dudalako; alegia, ez dut bizitu momentu gogorrik, jaitsiera bat bezalakorik. Urte txarrena izan da hamargarren geratzea edo horrelakoren bat. Azkenengo urteak kirol mailan onak izan dira, eta alde horretatik nahiko erraza izan da: emaitza onak lortu ditugu, jendeak asko babestu gaitu, eta oso oroitzapen onak eramango ditut.
Faltan botako zaituzte zaleek…
Hori esaten zidaten, baina ez dakit… Urtero jokalari asko aldatzen dira taldeetan, eta espero dut ni joan arren, etortzen direnek maila ona emango dutela, eta Bidasoak beste urte batzuk jarraituko duela hor, maila ona ematen eta emaitza onak lortzen.
Datorren denboraldian Naoneden [Nantesen, bretoieraz] jokatuko duzu. Oraindik gaztea zara, ibilbide luzea daukazu eskubaloian… Momentu aproposa zen urrats hori egiteko?
Bai, nik uste dut baietz. Zazpi urte egon naiz hemen, eta 25 urterekin momentu ona zela uste dut horrelako talde batera saltoa emateko. Aurten Nantesek aukera hori eman dit, eta gogoa neukan baita ere salto hori emateko eta esperientzia hori bizitzeko.
Kualitatiboki pauso bat emango duzu. Zer espero duzu Naoneden?
Egia esan, ez dakit. Hara joango naiz Bidasoara iritsi nintzen bezala: ahalik eta ondoen entrenatu, hobetu, jokatu eta borrokatzera, bai taldean ahalik eta gehien jokatzeko baita emaitza onak lortzeko ere. Ikusirik azken urteetan bai Europan eta baita Frantziako ligan ere goian izan direla emaitza onak lortu dituela, espero dut hala jarraitzea, eta talde onenekin lehian ibiltzea.
Gustatuko litzaizuke noizbait Bidasoara itzultzea?
Banoa, eta zaila izaten da jakitea etorkizunean aukerarik izango den, baina beti esaten dut ilusioa egingo lidakeela beste askok egin duten bezala urte batzuk kanpoan egon eta gero, Bidasoan berriro jokatzeko aukera izatea. Ikusiko dugu ea etorkizun batean posible den.