[Erreportajea] Bukaerarik gabeko auto-ilaran
DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren aztertzaile kopurua «ez da aski» Gipuzkoako autoeskolen beharrei erantzuteko. Itxaron-zerrenda luzeez eta lan-erreleboa emateko zailtasunez mintzatu dira jabeak.

Autoeskolarako irakasle bat kontratatu nahian dabil Yolanda Beobide Rubio pasaitarra, eta «ezinezko» egiten ari zaiola deitoratu du. Hura, bere senar Fran Carretero Martinekin batera, Altza autoeskolako jabea da, eta geroz eta gertuago ikusten du erreleboa emateko unea: «Nik 57 urte ditut eta Franek 59 beteko ditu. Oraindik badugu denbora bat lanean jarraitzeko, baina asko ez, eta ez dago profesionalik gure postuak betetzeko».
Arazoa zenbateraino den larria azaldu du Beobidek: «Badira irakasleak Portugaldik ekartzen ari diren autoeskolak».
Espezializatutako langilerik zergatik ez dagoen galdetuta, bi arrazoi hartu ditu ahotan: orokorrean, jendartean, ezezaguna den lanbidea dela eurena; eta zaila dela, oso, jarduteko titulua eskuratzea. «Jendeak uste du autoeskolako irakasle izatea gidatzen jakitea dela, edo kurtsotxo bat egitea». Ezta gutxiagorik ere. Orain arte Madrilera joan behar izan dira autoeskoletako irakasle izan nahi zutenak, 90 bat egunez, formakuntza jaso ahal izateko. Bertan hiru hilabetez bizitzeak suposatzen duen gainkostua ezin da bazter utzi.
«Hori gutxi balitz», gehitu du, «bueltan zinenean ikasitako guztia errepikatu behar zenuen azken fase batean, eta gauza baten eta bestearen artean bi urte inguru hartzen zituen formakuntzak. Hori, noski, lehenengo deialdian gainditzea lortzen bazenuen!». Proba zailak direla aitortu du irakasleak, eta horren erakusle, adibideetara jo du: «Nire promozioan 20.000 aurkeztu ginen, eta 1.700 inguruk lortu genuen titulua». %8,5 besterik ez da hori.
Garai batean, lanbidearekin jarraitu nahi zuten seniderik ez zuten autoeskolen jabeek horiek salgai jarri eta eskualdatzeko arazorik ez zutela gogorarazi du Beobidek, baina nabarmen aldatu da errealitatea hura sektorean hasi zenetik. Azken asteotako prentsari begiratu bat egin besterik ez da behar, erreleboa eman nahi eta ezin dabiltzan autoeskoletako jabeen testigantzak irakurtzeko.
Gaur-gaurkoz irakaslerik topatu ezinik badabiltza ere, negozioa besterentzeko aukerak badituzte Altzakoaren jabeek: euren bi alabak, Andrea eta Eli Carretero. Lehena, zaharrena, bertako bulegoan idazkari lanak egiten dabil orain, baina gazteenak zalantzatiago ikusten du autoeskolaren aukera, Lehen Hezkuntzako irakasle izateko gradua bukatzekotan baitago, eta argi du, oraingoz behintzat, lan horretan aritu nahi duela.
Edozein kasutan, gurasoen ogibideari ez dizkiote ateak itxi nahi ez batak ez besteak, eta autoeskolako irakasle izateko formakuntza jasoko dute.
Formakuntza, etxetik gertuago
Horiek biek ez dute, ordea, gurasoek egin bezala, Madrilera joan beharko. Izan ere, aurrenekoz aterako baitu datorren ikasturtean Don Bosco LHII Errenteria-Oreretako zentroak autoeskoletako irakasle izateko formakuntza espezifikoa. Javier Oskoz Aranburu bertako irakasle eta Komunikazio arduradunak eman du zikloaren berri HITZA-n.
Dagoeneko itxita dago izena emateko zerrenda, eta arduradunak aurreikusi du 20-25 ikasle inguru izango dituztela. Horiek, bi ikasketa urteak burututa, Mugikortasun, Seguru eta Iraunkortasun Prestakuntzarako Goi-Mailako Teknikari titulua eskuratuko dute. Oskozek esan du Gipuzkoako Autoeskolen Elkartea izan zela, irakasle faltarekin arduratuta, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin batera ikasketa horiek emateko «mesedea» eskatu ziena hainbat zentrori.
Gipuzkoan Don Bosco izango da prestakuntza hori emango duen bakarra, oraingoz. Pozik agertu da irakaslea gradu berriak izan duen harrerarekin. Izan ere, publizitaterik egiteko astirik izan ez bazuten ere, «berehala» plaza guztiak bete zirela aitortu baitu.
Yolanda Beobide Rubio. Altza autoeskolaren jabea: «Badira irakasleak Portugaldik ekartzen ari diren autoeskolak»
Komunikazio arduradunak ohartarazi du autoeskoletan klase praktiko nahiz teorikoak emateaz gaindi, beste hainbat lanbidetan aritzeko ere balioko diela formakuntza horrek ikasleei. Dena den, lehen hartu-emanean gehienek lanbide konkretu horretan aritzeko asmoa adierazi dutela aitortu du, eta datu bitxi bat eman ere: «Konturatu gara, orokorrean, ez dela gazte jendea izena eman duena»; izen-emate gehienak 35-40 urte inguruko norbanakoenak dira, «beste lanbide batzuetan ari dira, eta bertatik ateratzeko irtenbide bat ikusi dute».
Ikastaro berriaren harira jaso dituzten dei guztiak ez dira izan interesa agertu duten ikasleenak, erreleboa geroz eta gertuago ikusten duten autoeskoletako jabe asko ere jarri baitira zentroarekin harremanetan. «Desesperatuta deitzen ziguten», Oskozek, «aurrekoan emakume batek deitu zidan esanez: ‘esaidazu, mesedez, baietz, kurtsoa aterako dela!».
Hogei horien hautuak tunelaren bestaldean argi bat piztu die, beharbada, euren ibilbidea bukatutzat eman nahi duten irakasleei. Belaunaldien arteko arrakala murriztu dadin badute, etxetik gertu orain, aukera bat.
Aztertzaile nahikorik ez
Ogibidea besteretzearena ez da, haatik, sektoreak egun bizi duen arazo larriena. Aitziber Etxebeste Altunak Oiartzun autoeskolaren jabegoa partekatzen du haren anai Asierrekin, eta jubilazioa urrun ikusten du bientzat (45 eta 50 urte dituzte, hurrenez hurren). «Irakasle asko ez daudela egia bada ere, Gipuzkoako autoeskolak pairatzen ari garen arazo nagusia aztertzaile falta da». Aho batez egin du bat Altzako zentroaren jabeak ere oiartzuarraren hitzekin: «Beti falta zaizkigu aztertzaileak, eta horrek izugarri zailtzen du gure lana».
Azken urteotan Gipuzkoako aztertzaile dezentek erretiroa hartu dute, eta horrek hutsuneak sortu izan ditu postuak bete bitarte. «Aztertzaile kopuru jakin bat dago, DGTak zehazten duena, eta horien bajak ez dira berehala kubritzen. Bitarte horretan azterketa gutxiago egiten dira, eta guk, beraz, ikasle gutxiago aurkez ditzakegu», gaitzetsi du Etxebestek.
Erretiroena herrialdean eman den ezohiko egoera bat izan badaiteke ere, errepikakorrak diren eta, ezinbestean, maiz autoeskolen jarduna oztopatzen duten egoerak badaude. Horien artean, aztertzaileen bajak eta oporraldiak, edota horien tokialdaketak (lanpostuen lekualdatze-lehiaketak medio). Trafiko Zuzendaritza Espainia mailako organismoa denez, bertako postuak lehiaketara ateratzen direnean ohikoena da plaza esleitu zaien langileak sorterritik mugitu behar izatea. Horietako asko eta asko, legeak zehaztutako 2 urteko epea pasata, lekualdatze-lehiaketara aurkeztu ohi dira euren bizitokira bueltatzeko.
Hori gertatzen denean zenbait plaza hutsik gelditzen dira, «eta DGT-aren plantilla dena da, hori ez da aldatzen, eta ezta ordezkatzen ere langilearen absentzia epe laburrekoa dela aurreikusten bada», azaldu du oiartzuarrak. «Arazoa ez da, beraz, ikasleak prestatu ezin ditugunik, hori normaltasunez egin dezakegu, kontua da azterketarako txanda ematen duena ez dela gero prestatzailea, baizik eta Trafiko Zuzendaritza». «Zergatik esan behar didate niri ‘x’ ikasle kanpoan utzi behar ditudala, prest baldin badaude?», kexatu da Beobide.
Aitziber Etxebeste Altuna. Oiartzun autoeskolaren jabea: «Gipuzkoako autoeskolak pairatzen ari garen arazo nagusia aztertzaile falta da»
Probara zenbat gidari aurkez ditzaketen modu proportzionalean erabakitzen du aginte-organoak. Unean uneko aztertzaile plantillaren arabera, 17 egunean behineko deialdietan zenbat azterketa egin ditzaketen kalkulatu eta plaza horiek, ikasle kopuruen baitan, esleitzen dizkiote autoeskola bakoitzari. «Arazoa, azken finean, izan autoeskola txiki edo lau egoitza eduki, denok pairatzen dugu neurri berdinean, azterketak proportzionalki banatzen baitizkigute». Kopuru hori, deialdi batetik bestera, oso aldakorra da. Adibidea eman du Oiartzungoak: «Azken azterketara 16 ikasle eraman ditugu, baina hurrengorako 5 plaza soilik eman dizkigute».
Kaltetu nagusiak: ikasleak
Aipatu berri den egoerak zuzenean kaltetzen ditu autoeskolak ez ezik, baita bertoko ikasleak ere. Irene Rubio Olaskoaga irundarra 2021eko urtarrilean hasi zen kotxeko gidabaimena ateratzeko azterketak prestatzen, eta iragan apirilean atera zuen.
Urtebete pasatxoko denbora horretan hasiera-hasieratik trabekin topo egin izan duela aitortu du: «Praktikoa prestatzeko abenturan murgildu nintzenean Irungo autoeskola guztiak bisitatu nituen, eta denetan erantzun berbera jaso nuen: 50 eta 100 pertsona bitarteko itxaron-zerrendak zituzten». Horietan izena eman eta 4 hilabetera, ez zuen erantzunik jaso.
Azkenean Donostiako autoeskola batean izena ematea erabaki zuen irundarrak; bertako langileek konpromisoa hartu zuten 2 hilabeteko epean klaseak eskaintzen hasteko, eta hala izan zen azkenean. Denera lau azterketa praktiko egin behar izan zituen, batetik bestera hilabete bateko itxaronaldiarekin. «Arazo handiena da praktikatzeari utzi nahi ez badiozu dirutza handia gastatu beharko duzula».
Horrez gaindi, proben egunetan ere azken orduko aldaketa eta atzerapenak jasan behar izan zituela aitor egin du. Aztertzaileak lanez lepo zebiltzala «bistakoa» zela esan du.