XI. Juanma Garate Txirrinda Martxak elkar aurkitzea izango du helburu
Igande honetan egingo da lasterketa eta 72 edota 122 kilometrotako ibilbideak osatu beharko dituzte. Izen emateak hilaren 10a baino lehen egin behar dira.

XI. Juanma Garate Txirrinda Martxa berriz antolatu du Club Ciclista Irunesek ekainaren 12rako eta bi ibilbide osatzeko aukera izango da, 72km edota 122km. Txikienentzako lasterketa ere antolatu dute ekainaren 19rako.
Elkar topatzearen martxa gisa aurkeztu du aurtengo edizioa Juanma Garate txirrindulari profesional ohiak eta gogoratu nahi izan du elkar lehiatzearen filosofiatik at egindako lasterketa dela.
Ildo horretan, aurten sari berezi bat antolatu dute eta sarituak izango dira txirrindulari guztien arteko azken denboraren bataz bestekora gehien iristen diren bi txirrindulari, emakume zein gizon. Horretarako, Strava aplikazioa baliatuko dute zeinetan txirrindulari bakoitzak bere marka jaso beharko duen bertan.
Ibilbidea 2019ko berbera dela azaldu du Garatek. Ibilbide motza eta luzea, San Juan plazatik hasiko dira Hondarribira noranzkoan, eta gero, bueltan, Endarlatsara joango dira Agina igotzeko. Ondoren, San Antongo urtegira iritsiko dira eta bertatik Aritxulegira emango dituzte pedalkadak. Gurutzera iritsi eta Olaberriatik pasa ondoren, San Juan plaza izango dute helmuga bide motzekoek.
Denek batera osatuko dute ibilbide hori, baina San Juan plazara berriz iristean, 122km egiteko bertaratu direnek aurrera jarraituko dute eta ibilbideak Erlaitz mendira segituko du. Hortik, Gurutze pasa eta Lezora joango dira, Jaizkibel igotzeko. Azkenik, mendia jaitsita San Juan plazara itzuliko dira eta helmuga hori izango da.
Izena emateko epea zabalik dago eta webgune honen bidez egin behar da hilaren 10 gaua baino lehen. Dortsalen banaketa larunbat arratsaldean egingo da urtero egiten duten spinning saioa den bitartean, 17:00etatik 19:00etara. Lasterketa 08:00etan hasiko da eta aurretik ere dortsala jaso ahalko da.
Garatek nabarmendu nahi izan du martxa honek bere izena daraman arren, berari ez dagokiola. “Bilduko dugun dirua Club Ciclista Irunesek kirolaren bitartez hezten jarraitzeko baliatuko da. Izugarrizko emaitzak lortzen ari dira, eta ikaragarria da edukitzen ari diren garapena”.
Duela 13 urte hasi ziren antolatzen, eta hasieran ekitaldi umoretsua zirudiela baina ibilbide profesionala utzi zuenean gogo izugarria jarri zuela adierazi nahi izan du Garatek.
Txikienen martxa
Osasunaren mila deituriko ekimenaren baitan, Juanma Garate duatloi txikia egingo dute lehen aldiz ekainaren 19an, BAT-ekin batera. Kolon pasealekuan egingo da 11:30ean, eta korrika eta txirringan osatu beharko dute lasterketa. Benjamin, kimu eta haurrek parte hartu ahalko dute, eta izen emateko aukera irekita dago.