Zaisa Txingudik klubaren eguna ospatuko du bihar
Errugbi taldeak, denboraldiaren amaiera ospatzeko, adin guztietako kideak batu eta egun osoz ekimen ezberdinak antolatuko ditu.

Bihar, ekainaren 4ean, Zaisa Txingudi Irungo errugbi taldeak klubaren eguna ospatuko du. Hala, azken bi urteetan pandemia dela-eta antolatu ezin izan ostean, egitarau oparoa antolatu dute denboraldia agurtzeko. Hasteko, kategoria guztietako jokalariak nahastuta “touch errugbi” txapelketa egingo dute, Plaiaundiko zelaian. Ondoren, denboraldiko sari banaketari ekingo diote, baita hirugarren denbora ospatu ere. Hori gutxi balitz, dena amaitzean ospakizunak errugbi taldeak Irungo Kale Nagusian duen tabernan jarraituko du.
Lorpenak ere egon dira
Hortaz gain, Zaisa Txingudik denboraldiko lorpenak ekarri nahi izan ditu gogora. Besteak beste, M40 mailako jokalariek Espainia eta Frantziaren arteko nazioarteko txapelketa antolatu zuen, eta estatuko selekzioan ordezkaritza zabala izan zuten. Seniorrek, ordea, Lekarozko zazpiko errugbi txapelketa lehiatu zuten, eta bi porrot estu bizi ondoren, aise eskuratu zuten hirugarren postua. Bukatzeko, hemezortzi urte azpikoak Lekarozko Euskadi B txapelketan finalera iritsi ziren, baina Errioxaren aurka galdu egin zuten. Bestela, ligan hamar partidatik sei irabazi dituzte.
Bideo honetan, Lekarozko txapelketako taldearen jokaldi onenak ikusi daitezke.