Emigraziorako eraikinaren proiektu berria aurkeztu du udalak
Ekipamendu soziala, alokairuko etxebizitza publikoa eta zentro zibiko baten sorrera dira proiektuaren hiru zutabeak.
Gaur goizean prentsaurreko bidez, Jose Antonio Santano eta Migel Angel Paez alkateorde eta Hirigintzako ordezkariak emigraziorako eraikinaren inguruko proiektu berria aurkeztu dute. Udal ordezkariek egitasmo honen garrantzia azpimarratu dute, askotariko erabilera sozial zein zibikoak izango baititu, eta erabilera anitzeko udal azpiegitura nagusienetarikoa izango da: areto guztiak batuz gero, mila metro karratu erabilgarri izango dituzte herritarrek. Haien esanetan, hala, San Migel auzo inguruko elkarte sareak azpiegitura bitartekoak eskuratuko ditu; gazteei bideratutako alokairuko etxebizitza publikoa jarriko da martxan; eta, gainera, zentro zibiko bat eratzea ere.
Lehenengoari dagokionean, aurreikuspenen arabera lau egitasmok hornituko dituzte auzoko eragileen beharrak: adinekoentzako lokala irekiko da, liburutegia, haurtxokoa eta auzo elkartearen egoitzaren sorrerarekin batera. Hortaz gain, gazteei eta bestelako kolektibo behartsuei begira, alokairuko hogeita hamaika etxebizitza publiko eraikiko dituzte. Bukatzeko, zentro zibikoak zenbait erabilera anitzeko aretok osatuko dute, zerbitzugune desberdinekin batera (garbiketa-gelak, komunak, biltegiak, etab.).
Gaur arratsaldean, auzotarrei proiektuaren nondik norakoak azaltzeko bilera egingo dute. 19:00etan hasiko da, Lekaenea ikastetxean.