[Bideoa] CAFeko garbitzaileek lehen greba eguna dute
Soldata Beasaingo CAFeko garbitzaileenarekin parekatzea eskatzen dute.
Irungo CAFeko garbitzaileak greban dira gaurtik. Soldata Beasaingo CAFeko langileekin parekatzea eskatzen dute, Goierrikoek hilean 450 euro (soldata gordina) gehiago irabazten dituztela eta.
Enpresaren aurrean mobilizatu dira gaur, eta parekatzearen aldeko oihuak egin dituzte. Aurrera begira ere protestan jarraituko dutela iragarri du ELA sindikatuak, eta hurrengoa astelehenean izango da.
Garbiketa zerbitzua azpikontratatua dauka CAFek. EULEN ustiatzailearekin negoziazio prozesu betean zirela, enpresaz aldatu du CAFek, eta ekainaren 1etik aurrera, ISS sartuko da. Edozein kasutan, bitartean EULENekin negoziatzen jarraituko duela esan du ELAk.
Bestalde, bitartekari lanak egiteko eskatu diote CAFi, baina azpikontratatutako enpresarekin konpondu behar direla izan da honen erantzuna. ELAk enpresaren jarrera salatu du, egoera desblokeatzeko gakoa bera delakoan.
Aitzitik, CAF greba “saboteatzen” saiatu dela adierazi du enpresak langileentzako edukiontziak jarri baititu eta horiek ateratzeko eskatu. Era berean, eurek sortzen dituzten zabor eta hondakinak etxera eramateko eskatu diete langileei. Enpresaren jokabide hori ez dela legezkoa gogorarazi du ELAk.
Irungo langileek Beasaingoen babesa jaso dute, baita Irungo nahiz Beasaingo enpresa batzordeena ere. Hondarribiko udal garbitzaileek ere bat egin dute CAFeko garbitzaileen eskaerekin. Hondarribiko udal garbitzaileak ere greban dira maiatzaren 18tik lan baldintzen harira.
Greba hilaren 31ra arte luzatuko dela azaldu du ELAk, EULEN enpresaren azken egunera arte. Enpresa berria sartzerakoan, ordea, negoziazioak bide onetik ez badoaz, borrokarekin jarraituko dutela iragarri du. Zortzi lagunek osatzen dute CAFeko garbitzaileen lantaldea.