Zabaltza plazan Udaberriko Festa egingo dute larunbatean
Bidashopek, Irungo Merkatari Elkarteak, Udaberriko Festa antolatu du larunbaterako. Bertan, haur, gazte eta gurasoentzako jokuak, dantza emanaldiak, musika eta margo festa egongo dira.
Gaur goizean Bidashopek, Irungo merkatari elkarteak, larunbatean egingo den (hilak 21) Udaberriko Festa aurkeztu du Zabaltza plazan. Hain zuzen, festa antolatuko duten eremuan. Arratsaldeko 18:00etan hasi eta 20:00etan amaituko da.
Dantza emanaldi batekin emango diote hasiera larunbateko festari, zehazki, Indiako dantza tradizionalen emanaldia eskainiko du Sol de Loto dantza taldeak. Ondoren, bertako jokoak izango dira: sokatira, boloak edo ur jolasak, esaterako. Arratsaldean zehar, hiriko DJ batek girotuko du Udaberriko Festa. Eta azkenik ‘Holi’ margo festa koloretsuarekin amaituko dute eguna.
Bestalde, Bidashop elkartetik fidelizazio txartela ezagutarazteko baliatuko dute eguna, Bidashopen teknikari den Susana Fernandezek azaldu duenez, onura ugari dituen txartela da. 3 urteko ibilbidea du eta dagoeneko 3.500 pertsona baino gehiagok erabiltzen dute. Hala ere, erabiltzaile ugari dituen arren, “ahalik eta pertsona gehienei iristea” nahi dutela nabarmendu du. Eta bide batez, larunbateko festan gazte, guraso zein haurrak hurbiltzera eta bertan parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu, “pasa dugun pandemia egoeraren ondoren bizia eman behar diogu hiriari”.
Juncal Eizagirre, hiri bultzada arloko ordezkaria ere bertan izan da, eta Bidashop elkarteko kideak zoriontzeko baliatu du momentua. “Horrelako ekintzak antolatzea garrantzitsua da, baina bizi izan ditugun momentu zailetan buru-belarri aritu dira gauzak antolatzen eta hiria dinamizatzen, eta hori eskertzekoa da”.