Irungo jaietako kontzertuak: La Mala Rodriguez, Macaco, Varry Braba eta Burrunba
Oraindik, lau talde nagusien aurretik joko duten taldeen izenak ezagutzea falta da eta herri bozketa baten bidez hautatuko dira, hilaren 17tik 24ra bitarte.
Aste honetan, San Pedro eta San Martzial jaietan egongo diren kontzertuen berri eman du udalak. Guztira, lau kontzertu handi izango dira, ohikoa dena baino bat gehiago.
Urtero bezala Urdanibia plazan ezarriko dute eszenatokia. La Mala Rodriguezek eskainiko du lehenengo kontzertua ekainaren 18an. Bigarrena ekainaren 23an izango da eta Burrunba elektrotxarangaren kontzertua izango da. Burrunbarekin batera beste zenbait artista gonbidatu izango dira. Ekainaren 25ean Macacoren txanda izango da eta azkenik, hilaren 28an Varry Brava taldea igoko da eszenatokira.
Kontzertu nagusien berri eman duten arren, oraindik, hauen aurretik joko duten taldeen izenak ezagutzea falta da. Bertako taldeak izango dira hauek eta herri zozketa baten bidez aukeratuko dira. Gainera, aurten, bozketa sistema aldatzea erabaki dutela adierazi du Juncal Eizagirre kultur arloko ordezkariak: “sistema aldatzeko erabakia azken urteotan egindako hausnarketa baten ondorioa da, eta musika-industriak berak proposatuta egin da”.
Honako talde hauek dira hautagaiak: Mugalariak, Hitboyz, Malforta, Ezinezkoa, Calle Beat, Kaos Kooperativ, Kitzika Taldea, We, Wondersoul, eta Mora SDR.
Bozkaketa hilaren 17tik 24ra bitarte egingo da eta udalaren webgunean egin beharko da.