Kreditu aldaketari begira, lau ildo zehaztu ditu EH Bilduk
Kirola, auzoak, zaintza eta tokiko garapena dira lau ildo horiek; 13,6 milioi euroko kreditu aldaketa irundarren beharrei erantzuteko aukera aparta dela deritzo udal taldeak.
Maiatzeko udalbatzarrean 13,6 milioi euroko kreditu aldaketa eztabaidatuko dute zinegotziek, eta EH Bilduk udal gobernuaren proiektuari hainbat proposamen egin dizkio, “irundarren bizi baldintzak hobetzeko”. Koalizioaren arabera, aukera “paregabea” da “herritarren beharrei erantzuteko”.
Lau ildo markatu ditu: kirola, auzoak, zaintza eta tokiko garapena. Kirolari dagokionez, erabilera anitzeko eraikin baten beharra ikusi du EH Bilduk, “gaur egun dagoen eskaintza ez da nahikoa”. Ur biziko eraikinaren eraberritzea ere proposatu du, baita Plaiaundiko pistena ere, “Txenpereneako pistak eraiki arte, egungoen egoera hobetu behar da”. Azkenik, Ugalde-Kateako futbol zelaian ere hainbat esku hartze behar direla iritzi dio, aldageletan nahiz zelaian.
Auzoak bide estrategikoa dira EH Bildurentzat, eta auzo bulego baten proiektua sustatu nahi du. Bere barnean egongo lirateke HAZ, ongizate zerbitzua eta kultura eskaintza. Auzoetako kultur ekitaldietako aurrekontua handitzea ere galdegin du, eta Gautxori zein unibertsitatera doazen autobusen maiztasuna areagotzea.
Zaintzari dagokionez, erabilera sozialeko lau etxebizitza erosi eta egokitzeko planteatu du koalizioak. Bakarrik bizi diren adinekoei laguntzeko programa, kultur aniztasunaren plan estrategikoa martxan jarriko duen teknikari baten kontratazioa, eta Irunen beharraren araberako zaintza eredu berri bat diseinatuko duen parte hartze prozesu bat martxan jartzea dira gainontzeko ildoak.
Bukatzeko, tokiko garapena ekonomia solidario eta kooperatibismoari helduta iritsiko dela iritzi dio udal taldeak, eta hori politika publikoetan txertatzeko plan estrategikoa proposatuko du. Horrez gain, udalaren kontratazio edo erosketa arduratsua zehazteko ikerketa eskatuko du, eta itzulpenerako bi aparailuren erosketa, Palmera Montero gunerako, “elkartegintzari eta euskarari ekarpen handia egingo lioke”.