[Elkarrizketa] “Atletismoak eman didana bueltatzen saiatu naiz"
Hilaren 22an Irungo Atsegina elkartearen Irungo Erraldoiak VI. edizioaren saria jasoko du, Bidasoko eskualdeko atletismoaren bultzatzaile gisa egindako lan guztia aitortzeko eta eskertzeko.
Ez da bide erraza izan. Dedikazio, esfortzu, eta batez ere, pasio handia eskatzen zuen ibilbidea egin du Jose Mari Sarriegik. Bidasoko lehenengo atletismo klub federatua sortu, entrenatzaile bezala aritu, Plaiaundiko pista eraiki eta antolatzaile zein esatari gisa lan handia egin du.
Zer sentitu edo pentsatu zenuen Irugo Atsegiñaren sari hori jaso behar zenuela jakiterakoan?
Kirol bizitza, nire kasuan, oso luzea izan denez, zenbait sari jasotzeko aukera izan dut. Eta gustukoenak dudarik gabe herrikoienak izaten dira, zeinetan herriko jendeak aukeratzen duen lortutako edo egindako merituengatik norbait omentzea. Orduan, oso polita iruditzen zait eta asko eskertzen dut.
Hainbat sari jasotzeko aukera izan duzu, eta horrek eskualdean zure lanak eragina izan duela erakusten du, baina zer jaso duzu zuk atletismoarengandik?
Atletismoa niretzat bizitzeko modu bat izan da. Oso gazte sartu nintzen, eta, benetan, atletismoak, asko eman didala sentitzen dut. Horregatik, oraindik, bertan jarraitzen dut. Atletismoak eman didana asko eskertzen dut, eta hein batean, jaso dudana bueltatzen saiatu naiz.
Beraz, oraindik ere bizitza oso baten ondoren mundu horretan sartuta jarraitzen duzu. Ez zara nekatu oraindik?
Ez nuke nekatuta nagoenik esango. Egin bai, gustura egiten dut, baina orain niretzat eta familiarentzat utzi nahi dut denbora. Oraindik ez dut arrazoirik gaizki pentsatzeko. Baina errealista izan beharra dago eta 82 urterekin txorakeria gutxi. ‘Oraindik oso ondo zaude eta egin dezakezu’, esaten didate, eta hor nabil engainu horrekin. Erreleboa nahiko nuke, baina ez dut aukera garbia ikusten. Gazteek ez dute nahi. Lan ordaindua izango litzateke. Nik, ordea, ez dut dirurik jasotzen lan hau egiteagatik. Momentu honetan oso zaila da borondatez [klubetan] lagunduko duenik bilatzea. Nire garaikoak izan gara benetako borondatezko jendea, bizitza guztian lan egin dugu inongo trukerik gabe.
Nondik dator zure atletismoarenganako zaletasuna?
Txiki-txikitan zortzi, bederatzi edo hamar urterekin auzoko jaiak egiten zirenean [Txomin Eneako jaiak, Donostiako Loiola auzoan] beti izaten ziren umeentzako lasterketak. Auzoan lasterketa guztiak irabazten nituen, gaitasuna nuen. Donostian antolatzen zuten beste lasterketa batean 300 ume inguruk parte hartu genuen, eta lasterketa hartan zortzigarren egin nuen. Korrika egiten jarrai nezan animatzen ninduten. 1956ean, Lasarteko Nazioarteko Krosa sortu zuten. Hogeigarren egin nuen lasterketa horretan, eta hurrengo bi urteetan, berriz, bigarren. 16 urterekin Espainiako Estatuko Junior Mailako errekorra egin nuen 3.000 metro oztopoetan oraindik kadete nintzela, eta horrek, nolabait, betiko lotu ninduen kirolera.
Baduzu bereziki gogoratzen duzun momentu bat?
1960an Nantesen izan zen Junior Mailako Munduko Kros Txapelketaren lehenengo edizioa, eta hamaseigarren egin nuen. Taldeka [Espainiako Estatuko selekzioarekin] brontzezko domina lortu genuen. Ondoren, Bartzelonan, Espainia-Belgika lehiaketa jokatu zen [Pistan]. Belgikarrak gure aurretik izan ziren Nantesko txapelketan. Faborito ziren. Proba nik irabazi nuen, eta estatuko errekor berria egin nuen, 4 minutu eta 23 segundo, 1.500 metro oztopoetan. Astebetera, Espainiako Txapelketa nagusia egin zen Bartzelonako Estadio Olinpikoan. Laugarren bukatu nuen, eta berriro, kasu honetan 3.000 metro oztopoetan 9.20ko denborarekin, estatuko errekorra egin nuen. Uste dut hori izan zela nire momenturik oparoena. Atleta bezala egin nuen azken aurreko urtea. Zoritxarrez edo onez, gazte bukatu nuen nire praktikante bizitza. Atletismoaren barruan jarraitu nuen, baina beste gauza batzuk egitera pasa nintzen.
Donostiarra zara izatez, baina Bidasoko eskualdean egin duzu lan gehien. Adibidez, Club Atletico Telesport sortu zenuen, BATen aurrekaria.
1969an Irungo Hiria Nazioarteko Krosaren lehenengo edizioa egitekoa zen. Lasterketa talde federatu batek antolatzea beharrezkoa zen, eta garai hartan Irunen klub federaturik ez zegoenez, Club Atletico Telesport sortu nuen. Lasterketa hori egun ezagutzen dugun Txingudi Ikastolako Krosa da. 2018an 50. edizioa ospatu genuen, eta dagoeneko 54 edizio daramatzagu. 1986an sortu zen BAT (Bidasoa Atletismo Taldea), Union Deportiva Uranzu eta Uranzu Atletico, Club Atletico Telesportekin elkartzearekin batera. [Lehenengoa Club Atletico Telesporten zatiketa izan zen, bigarrena, aldiz, Union Deportiva Uranzuren eszisioa].
Nolakoak izan ziren BATen lehenengo urteak?
Gazte jendea aritzen zen taldean. Nik orduan ikastolan irakasle bezala lan egiten nuen, eta Txingudi Ikastolan gaitasuna agertzen zutenak erraz eraman zitezkeen atletismora. Gehienbat haiekin aritzen ginen. Nire pozik handiena garai hartan izan genituen korrikalari internazionalak nire eskuetan [entrenatzaile gisa] zeudela da: Begoña Zuñiga eta Joseba Sarriegi, semea hain zuzen.
Soinketako irakasle izateak abantailak izango zituen, eskolan korrikalariak bilatzerako orduan, esaterako.
Bai, beste monitoreek baino errazago nuen nik. Garai haietan oso monitore gutxi ginen. Oraingo estruktura beste mota batekoa da, eta ikastetxe gehienek kirolariak bilatzeko prozesuan parte hartzen dute.
Aldaketaren bat sumatu duzu garai haietatik orain arte?
Bai, dudarik gabe. Alde batetik, gizartea guztiz aldatu da. Orain ez dut esku gehiegi hartzen gauza guzti hauetan, baina nire garaian, orain ikusten ditudan gauza hauek guztiak nahiko nituzke. Ezinezkoa zen. Beste behar batzuk lehentasun handiagoa zuten kirola edo atletismoa baino. Pozik bizi izan dut atletismoak izan duen eboluzioa. Egun, ia talde guztiak profesionalak dira. Gure kasuan ere guztiz profesionalizatuta daukagu kluba: administratzailea, teknikaria, eta baita monitoreak ere. Horrek, guk izan genituen baino aukera gehiago izatea ahalbidetzen du.
Bidasoa eskualdean atletismoarenganako zaletasuna hazi egin dela uste duzu?
Beno, saiakera haur askok egiten dute. Mutilen kasuan garbi dago ia gehienek futbola nahiago dutela. Era horretan, kirolari asko galtzen ditu atletismoak. Baina badaude oso gustura aritzen direnak ere.
Zenbait atleta on irten dira BATeko harrobitik, eta horrek kluba asko bultzatu du, ezta?
Zenbat eta maila altuagoa izan, jendearen atentzioa are handiagoa bihurtzen da. Egunkarietan agertzen diren atletak lehen tokia eskuratu dutelako edo dominak eskuratu dituztelako izaten da, eta horrek, atentzioa erakartzen du. Momentu honetan atleta batekin Olinpiar Jokoetara iristea lortu dugu [Teresa Errandonea da]. Baina ez da arrakasta duen bakarra, baditugu hainbat atleta Espainiako Estatuko txapelketetan dominak eskuratu dituztenak. Nesken taldea Ohorezko Mailan dago (ligarik onenean). Mutilen taldea, berriz, lehen mailan.
Atletismoa klubetatik bultzatzeaz gain, esatari bezala ere lan handia egin duzu. Nola hasi zinen?
Esatari bezala beharra zegoelako hasi nintzen. Speaker lanak egiten zituen lagun bat nuen, eta Irungo Nazioarteko Krosa antolatu zen urtean, esatari izan zedin eskatu nion, baina ezin izan zuen. Ez nuen beste inor topatu, eta beraz, nik egin behar izan nuen lan hura. Ordutik, 54 urtez egin dut kros horretan esatari lana. 40 urtez jarraian Lasarteko Krosarena, 33 urtez Behobia-Donostia lasterketarena, eta 32 urtez Uliako Gimnastikaren krosarena, besteak beste. Bestalde, nazioarteko hainbat txapelketatan ere aritzeko aukera izan dut. 1977an Donostian egin zen Europako Pista Estaliko Txapelketan edo 1981ean Madrilen egin zen Munduko Kros Txapelketan, adibidez.
Ezagunen batek lasterketetan parte hartzen dutela ikustean zer sentitzen duzu?
Poza sentitzen dut. Behobia-Donostiaren lehenengo edizioetan, adibidez, irteerako ardura Club Atletico Telesportena zen. Hasiera batean oso jende gutxik parte hartzen zuen, eta gutxinaka, urtetik urtera partaide kopurua handitzen joan da. Lehen aipatu bezala, gizartea aldatzen joan da. Kirol hau egitea osasungarria dela ikusi du jendeak.
Egindakoetatik, zerk bete zaitu gehien?
Ez dakit, denak pixka bat. Klubetan ez da gauza bakarra egin behar. Gauza asko prestatu behar dira. Dena dela, esataritzari eskaini diot denbora gehien eta beharbada, asebetetze pertsonal handiena horrek berak eman dit.
Zer sentitzen duzu atzera begiratuta?
Beno, ikusten dut zein curriculum dudan, eta harritu egiten nau! [barrez]. Nola da posible norbait gauza horietan guztietan sartuta egotea. Beharbada eromen pixka bat ere izan da. Nirea bezalako entregarekin hainbeste gauza egiten dituenak, segur aski, beste hainbat gauza airean utzita izango ditu. Familia agian. Kirolean hain sartuta ibili garenok, alde horretatik, bekatu pixka bat izan dugula uste dut.
Urte hauen guztien ondoren, zein izan da bizi izan duzun lorpen bereziena?
Bereziena nire familiak bide beretik jarraitu izana izan da. Asko maite izan dudan kirola da, eta nire seme-alabek, eta baita bilobek ere, bide hori jarraitu dutela ikusteak izugarrizko poza eman dit. Gainera, parte hartzaile bezala oso maila ona eman dute. Eta nola ez, nire semeak, Joseba Sarriegik, bi Munduko Txapelketetan parte hartu izanak eta nik baino marka hobeak lortu izana berezia da. Lortu ez zuen bakarra Espainiako txapeldunaren titulua izan da. Zortzi txapelketa jarraian egin zituen podium-etik jaitsi gabe. Eta oraindik ere nire proba maitearen errekorra berak dauka, Gipuzkoako 3.000 metro oztopoena. Eta hori, bereziki, oso satisfazio handia izan da.