Igandean, Igandero eta Aspace Gipuzkoaren Festa
Igandero programaren barnean egingo da Aspace Gipuzkoaren Festa. Elkarteak egiten duen lana ezagutaraztea izango da helburu nagusia.
Aurten, Aspace Gipuzkoak 50. urteurrena ospatuko du eta beren lana ezagutarazteko asmoz, Aspace Gipuzkoaren Festa Igandero ekimenera gehitu nahi izan dute. Igandeko festa antolatzeko Aspace Gipuzkoak, Irungo Udalaren, Atalaia hotel eta jatetxearen, Brioche Pasquier enpresaren, Ola sagardotegiaren eta Lasa okindegiaren laguntza izan du.
Gaur goizean Irunen izan dira, Jose Antonio Santano alkatea, Elisa Carmona, Aspace Gipuzkoako lehendakaria, eta Aitor Garcia, Zuzendaritza Batzordeko kidea. Bertan, igande honetako programaren egitaraua aurkeztu dute.
Goizeko 10:15etan hasiko da festa. Majoretteak eta Oiasso txaranga Urdanibia plazatik irten eta 11:00etan iritsiko dira Zabaltza plazara. Bien bitartean, 10:45 inguru prestaturiko jarduerei hasiera emango diete plazan bertan.
Aspaceren produktuak saltzeko postu bat, ‘Made in Aspace’ saskien tailerra eta erakusketa izango dira. Bidasoa Xake Klubak xakean ikasteko tailer bat eskaintzeaz gain, jolasak, aurpegia margotzeko tailer bat eta xake erraldoia jarduerak eskainiko ditu, 11:00etatik 13:30era. Ohikoa den bezala, Colon ibilbidea oinezkoentzako mugatuko dute. Horrenbestez, kirol egokituko taldeak eslalom eta boccia erakustaldiak egiteko baliatuko dute errepidea. Ondoren, gurpildun aulkiaren erabilera erakusteko tailer bat eskainiko dute.
Zabaltza plazan musika ipiniko dute, eta, horrez gain, Mario Simancas aktore irundar ezagunaren emanaldia eskainiko dute. Artiako Lagunak elkarteak pintxo-potea eskainiko du, euro batean.
14:30ean emango diote amaiera Igandero ekimenari.