[Erreportajea] Kateako historiari errepasoa egin dio Migeltxo Martiarenak
Auzoaren sorreratik gaur egunera arteko historia azaldu du egileak. Ez da hilabete batzuetako lana izan; hainbat eta hainbat urtez jasotako informazio guztia bildu, eta argitalpen batean jaso du: ‘Ventas / Katea’.
Urtez urte auzoari buruz metatutako dokumentu, argazki eta datu guztiek argia ikusi dute azkenean. Migeltxo Martiarenak liburu batean forma eman dio informazio horri guztiari: Ventas / Katea. Auzoaren bilakaera jasotzen du lan horrek sortu zenetik gaur egunera arte. Euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzia dago, eta 750 orrialdeko obra mardula osatu du irundarrak: “Urtez luzez bildutako informazioaren emaitza izan da”.
Martiarenak 75 urte ditu eta Katean jaio zen. Gaztarotik izan du auzoari buruz zerbait gehiago jakiteko grina. 1970eko hamarkadan hasi zen artxibategietan informazioa jasotzen, eta, gerora, baserriei argazkiak ateratzen eta elkarrizketak egiten jarraitu zuen. Tartean, gainera, argitalpen bat egin zuen, 2013an, Ventas konpainia, aspaldiko loria. Hark bidea ireki ondoren, bigarren lana argitaratu du, Luis de Uranzu Kultur Elkartearekin batera.
XVII. mendekoak (1604) dira auzoari buruzko lehen dokumentuak. Garai hartan bazen auzoan salmenta toki bat, eta hortik dator Ventas edo Bentak izena; salmenta edo benta-tik, alegia. Orduan, Irun, Hondarribiko udalerriaren barruan zegoen, eta 1564an lortu zuen tratu eta komertziorako baimena, hainbat auzi izan eta gero. 1625ean, 101 baserri zeuden Irunen, eta horietatik 14 zeuden Katean, Martiarenaren arabera.
Katea; hori da auzoari deitzeko erabiltzen den bigarren adiera, toponimo bat da berau ere. “1788an Irun eta Leintz-Gatzaga artean errepide bat ireki zuten, eta lau bidesari zeuden, horietako bat auzoan, hain zuzen”, azaldu du Martiarenak. Bidesaria kate bat zenez, hortik datorkio bigarren izena.
Landetxa, okerreko adiera
Bada auzoari deitzeko erabiltzen den hirugarren modu bat, baina zuzena ez dela gogorarazi du egileak. Artxiboetan bilatzen ari zela, Martiarenak berak aurkitu zuen Landetxa izena dokumentu batean, eta euskarazko adiera hori zelakoan, inguruan zabaltzen hasi zen. Gerora jakin zuen, ordea, okerrekoa zela: “1896an aldundiak toki izenak euskalduntzeko dinamika bat martxan jarri zuen. Irunen, militar bat arduratu zen itzultzeaz, eta berak nahi zuen moduan egin zuen, toponimia kontuan hartu gabe”. Beraz, auzoari deitzeko forma zuzena Ventas / Bentak edo Katea dela esan du: “Guk beti esan izan dugu Kateakoak garela”.
1964an auzo elkartea sortu zenetik hona hainbat gatazka izan dituztela gogorarazi du Martiarenak, eta horien aurrean auzotarrak elkartu egin direla. 29 urtez zabortegiaren kontra egindako aldarrikapenak edo N-1eko semaforoekin egindakoak ekarri ditu gogora. Urte horietan, gainera, industrialdeak landa eremua jan duela gaineratu du, milioi bat metro koadroko eremua izateraino.
Auzoari buruz lortu duen jakintza igartzen zaio Martiarenari: eskola zaharra, Mikelete etxea, Larrea taberna, frontoiaren gaineko kontakizunak, jaiak, baserriak, denetarik kontatu dio HITZA-ri, eta horiek guztiak eta gehiago bildu ditu liburuan. 600 ale argitaratu dituzte eta norbaitek horietako bat lortu nahi izanez gero, estankoan, Ongi Etorri tabernan, erretiratuen egoitzan eta Libreria Landetxan aurkituko du.