Biteriko haur parkea izango da estaliko dutena
Maria Serrano udal ordezkaria: "Azkenean, Biteriko parke hau egokiena dela uste dugu eskola baten ondoan dagoelako eta eskolak erabili ahalko duelako".
Aurrekontu parte hartzaileetan proposatu ziren proiektu guztietatik hiriko parke bat estaltzea izan zen botoen %35arekin aukeratuena, eta hilabete hauetan, Biteriko haur parkea izango dela tapatuko dutena erabaki du udalak. Xehetasunen berri emateko agerraldia egin dute Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak eta Txomin Sagarzazu alkateak.
Parke bat estaltzea erabaki zutenean, hiriko 14 parkeetatik zein den egokiena erabakitzeko prozesua abiatu zuen udalak, eta Biterikoa egokiena dela ebatzi dutela azaldu du Serranok: “Jaurlaritzarenak diren parke inguruak alde batera utzi genituen, baita alturagatik egingarriak ez zirenak ere. Azkenean, Biteriko parke hau egokiena dela uste dugu eskola baten ondoan dagoelako eta eskolak erabili ahalko duelako. Bestetik, hemen laster promozio publikorako etxebizitzak eraikiko dira eta Muliaten famili eta haur txiki asko bizi direnez leku aproposa dela iruditzen zaigu”.
Apirilean egin zuten lehen kreditu aldaketan beharrezko dirua txertatu zuten horretarako, hori izan zela egindako hurrengo pausoa adierazi du zinegotziak. “Apirilaren 28an egin genuen, eta aste honetan bertan konkurtso publikoa deitu da haur parkearen estalkia eraikitzeko oinarrizko proiektua eta zuzendaritza fakultatiboa esleitzeko”.
Lehiaketa maiatzaren 25 arte dago zabalik eta irabazten duenak proiektua idatzi eta hari esleituko diotela esanez amaitu dute. “Udal Gobernu Taldearen asmoa adjudikazioa egin eta ahalik eta azkarren lanean hastea da. 2022an egina egongo zela hitza eman genuen eta gure eskuetan dagoena egiten ari gara”.