Bixi Bizi kirol orientazio zerbitzua, berriz martxan
Medikuarekin hitz egin da bideratu dezakete interesduna zerbitzura, edota Jostaldi pilotalekura hitzordua eskatuta ere gertura daiteke.

Beste urte batez, jarduera fisikorako Bixi Bizi orientazio zerbitzua martxan jarri du udalak pertsona inaktiboei aholkularitza eskaintzeko. Itsas Etxeko osasun zentroan egin dute agerraldia Juan Luis Silanes Kirol zinegotzia, Kontxi Fernandez Osakidetzako osasun langilea, eta Jon Lorenzo zerbitzuaren arduradunak.
Adin guztietako pertsonei zuzendutako zerbitzua izango dela adierazi du Silanesek, “ondoen egokitzen zaizkion jarduera eta ohiturak gomendatu, eta ondorengo jarraipena” egingo die Lorenzo prestatzaileak.
2018an zerbitzua sortu zutenetik 300 erabiltzaile baino gehiago izan dituztela informatu du udal ordezkariak. Lorenzok nabarmendu nahi izan du edonor gertura daitekeela, “argi utzi nahi dut hiritar orori zabalduta dagoen zerbitzua dela, ez da zertan gaixo dagoen bati edo errekuperazio bat behar duenari zuzendutako zerbait. Edonor etor daiteke orientazioa eskatzera”.
Fernandezek dio lehen urratsa Osakidetzan ematen dela, hau da, pazienteen beharrak aztertzen dituzte osasun profesionalek lehenik, eta gero jartzen dira harremanetan Lorenzorekin. “Oso pozik gaude ekimena ematen ari den emaitzekin”, gaineratu du Fernandezek.
Dena den, bi eratan baliatu daiteke zerbitzuaz. Batetik, Fernandezek aipatu bezala osasun zentrora jo eta medikuaren bitartez hitzordua lortuta. Eta, bestetik, Lorenzok Jostaldi pilotalekuan izango duen bulegora joanda, aurrez mezu bat bidalita edo 688752094 zenbakira deituta.